
 
FREE MONEY
 
Horrela zegoen gauza: erre usaina sukaldetik, 
Zaborra bazter guztietan, zarata ezezagun eta 
Gogaikarri bat. Kim Gordonekin pentsatzen zuen 
Emakume askok, beren joera sexualez galdetzeko 
Modu bat. Planoak urduritasunez higitzen ziren
Batez ere abenida zabalenetatik pasatzen zirenean. 
Dream It! esaten zuen neska gazte baten elastiko 
Beltzak. Txakur bi ikusi zituen elkarri dorpeki 
Haginka Quincy Street inguruko bazter ezkutu 
Batean, baina amore eman zuen etsipenez. «Zer 
Ezkutatzen dute hitzek?» xuxurlatu zuen. Horrela, 
Argi berezia izan zuten egun haiek, izatez ez zen ke 
Ilunaren eraginik sumatzen ia eta jouissance gakorik 
Gabe idazten hasi zen jendea. Ezkontzak, dibortzioak, 
Manifestazio jendetsuak, inaugurazioak. «Poeten 
Kontra borrokatzeko prest gaude» esan zuen K-k, 
Aurrez egindako galderari erantzunez bezala. Orain, 
Muga guztiak ezabatu zaizkigula, heriotzaz 
Mintzatzeko gogorik ez dugula, oroitzapenak egia
Ote diren pentsatzen ari naiz. Agian berak ere izan du 
Inoiz iraganarekiko mesfidantza eta beste zenbait 
Ardura alferrikako. Bost urteko mutiko batek ezin 
Zuen objektu zartatu horiek guztiek zer esan nahi 
Zuten asmatu: Zer jartzen du hor? Eguzkiak erretako 
Galtza gorriak, olanazko zapatila urdinak. Beste 
Emakume bat kexu zen edozer gauzarengatik. Bizitzak 
Aitzinera egin zuen etengabe, baina; zer egin 
Zezakeen? Ikara sentituko du gaur egun zergatik ote 
Den jakin gabe. Hesiek garai modernoen harridura 
Sorrarazten dute, konfiantza handiegiz bizi dira.