Alea
Alea
2009, poesia
120 orrialde
978-84-92468-08-9
azala: Lander Garro
Beņat Sarasola
1984, Donostia
 
2024, nobela
2019, nobela
2007, poesia
 

 

IRUDI GEOMETRIKOAK

 

Haizeak lehortzen badu, iparraldean itxaropena

Hankaz gora geratuko da, beste behin ere. Besoak

Mugitzen baditu, zisneak kantari hasiko eta Jackson

Pollock koadro batek ihes egin diola jabetuko da.

Ez baditu mugitzen, inork ez du deus ziurtatuko.

Ez da beharrezkoa izango. Aulkiak, ordulariak,

Kajak, agur esateko mila eta bat modu berri.

Horregatik, galderak egingo ditu Aliziak, galderak,

Beharrezkoak, garestiak. Erre al daiteke hemen?

Merezi du morroi hori jipoitzea? «Ez dakit»

Pentsatuko du «baina asasinamendua zilegi da».

Buruko muinak erregalatuko ditut harategietan

Euskal Herria pozoitzeko. Behatz lodiarekin estali du

Eguzkia baina ez da ohartu beste galdera bat eduki

Zezakeela hor. Euria hasi du, eta hala ere, inork

Ez du ireki aterkirik, zertarako? galdetuko luke, hala

Nola, Aliziak. Nola? Irudi geometrikoek ez dute

Apenas espaziorik gaur egunean. Botereak baztertu

Ditu, hedabideek zokoratuak izan dira, heriotza duin

Bat baino ezin dezakete espero orain. Horrela joan

Dira gauzak. Horrela egiten dute negar jainkoek,

Horrela alegratzen dira telebistaren aurrean.

Isiltasuna eskatu dute gero (ezin jakin zenbat

Denbora pasa den), patxada ederrean lurrean eseri

Eta dantzatzen hasterako. Ez dute ezer esan. Down

Jonesak behar baino gehiago egiten duenean gora,

Hiri hau utziko duela agindu dio bere buruari. Zein

Lurraldetara joango zara Alizia? «Nire ihesak

Petrolioaren momentuko kotizazioaren halako hiru

Balioko du. Baina ez gaitezen orain horretaz mintzo,

Nire alabak gaixorik daude eta ezin naiz ume

Gehiagoz erditu». Zeruak kilometro mordo bat egin

Ditu behera, jaitsi egin da aihen-belar batzuetatik.

Alizia: Txikitako oroitzapenekin akordatzen naiz,

Donostian, kai ondoko plaza hartan. Petrolio

Orbanek ahateen hegalak zikintzen zituzten uretan.