EGUZKI APALEAN
«Loreak udaberri honetan ez dira loratuko» esan du
Bazkaltzen ari zela. Bere senarraren indiferentzia (ez
Da ezertaz ohartzen), aitaren presioa etxeko
Hipotekaren gainean, hitz goxotan ezkutatutako
Amaren lezioak, haurren etengabeko eskaerak,
Gaixotasunak. Belarriak pasadizo abandonatu
Batean utzi ditu. 60ko hamarkadan gazteak zirenak
Bezala, eguzkia laranja kolorekoa jarri denean,
Mendi magaleko banku batean eseri eta
Alkandoraren mahukak jaso ditu. Umeak baloia
Hartuta etxera itzultzen ari direla dirudi, izerdi
Patsetan, jertseak gerrian lotuta. Oroitzapenak
Galtzen direnean, heriotza zer izan daitekeen pentsa
Dezake batek; aurpegi bat ahazten duzunean, norbait
Gutaz trufatzen ari delako sentipena izaten duzu.
Horregatik ez du ulertzen zergatik ez zenion
Barkatzen; hain baikara ahulak, azken batean.
«Itsasontzi horrek zer eramango ote du bere baitan,
Soto ilunetan?» galdetu du ozen, inork entzun ez
Badio ere. Behatzarekin seinalatu du gero itsasoa
Noraino ailegatzen zen, esan dezagun, zoriontsu
Zenean. Eta zuk zer uste duzu, balio al dute
Ezertarako garabi erraldoi haiek? Ez, ez erantzun
Orain, itxoin apur batean; ikusi, musika banda bat
Pasatzen ari da kaletik (leihotik begiratuz). Duela
Hamabi urte eraitsi zuten etxe hori (oroitu da) eta
Segidan etorri zen gainontzeko guztia. Gaur ere.
Horrela, tximiniek kea botatzeari utzi diote, edo
Beharbada, egun botatzen duten kea ez naiz ikusteko
Gai. Zeruak igual-igual jarraitzen duela esan zenion,
Haserre jartzen zareneko keinu hori eginez, triste
Zeundela zirudien-eta, etsita; baina berak, sarri
Bezala, ez zizun jaramonik egin. Atzera so egin du eta
Ate bat ireki dutela ohartu da. Duela berrehun urte
Biziko bagina, aldapan gorako andrea ur bila doala
Pentsatuko luke. 2007. urtean (martxoaren 4a) bizi
Gara ordea, Mediterraneoko bazter batean. Eskerrak
Inguru honi, hemengo jende maitagarriari, bestela
Idazteari utziko ziokeen aspaldi (batez ere haurrak
Jaio zirenean), edo ez zen bederen eskailera horietan
Eserita egongo. Zuk oraindik balore galdu batzuetan
Sinesten duzula ez dago dudarik, baldintza
Okerrenetan kemena izateko gai zara, tinko eusteko
Apustua egiten duzu beti, bai; baina zertarako hau
Guztia? Zer irabaz dezakegu? Minutu alai batzuk
Edukitzeko sikiera balio al dezake? Ilundu du,
Mahukak luzatu eta bueltako bidea hartu du berriz,
Bihar zer egingo duen jakin gabe. Edozer da posible.
Gaur ilargi eklipse bat izango dela esan dute irratian,
Kolore bereziak ikusi ahal izango dira zeruan. Eta ez
Da antiojoen beharrik izango gora begiratzeko.
Zerbait pentsatu beharko zenuke.