Alea
Alea
2009, poesia
120 orrialde
978-84-92468-08-9
azala: Lander Garro
Beņat Sarasola
1984, Donostia
 
2024, nobela
2019, nobela
2007, poesia
 

 

EROSOTASUNA

 

Kuboak, laranjak, arkatzak, hasperenak, landareak

Japonian bizi izango bailiran. Azkenean, bi eskuko

Amoranteek auzo lotsa sentiarazten diotela onartu du

Aireportuan. «Aitormen inportante bat egin nahiko

Nizuke» esan du zehazki. Ez da sinestekoa hemen

Galtzerik dagoenik; baina hara, datuen arabera

Jendearen nahasmena inon baino larriagoa da leku

Honetan. Zenbat mintzaira ulertezin, zenbat arrotz

Jende, zenbat objektu nahasgarri. eta inork

Erremediorik jarri nahi ez duela; inor ez dela kapaz

Anabasa honi aurre egiteko. Urrats batzuk aurrerago

Mossadekin topo egin ahal duzu, adibidez; zure

Atzealdean egin duzu berba ezin konta ahala

Emakume misteriotsurekin. «Greta Samsa» irakurri

Dut, «noiz ezkonduko zara?». Betirako geratuko al

Zara neskazahar? Ezin da hazi lorerik jada, orain

Auto gorriak zozketatzen dituzte, eta tropikoetarako

Bidaiak, eta telebista berriak eta abar. Neska eder

Askoak jarri dira perfumeak debalde banatzen.

Horrela errazagoa da itxaroten jarraitzea, zure

Senideak noiz ailegatuko. Erabaki garrantzitsu bat

Hartu behar izan zenuen, urteak ziren zure burua

Halako ataka larrian ipintzen ez zenuela, baina hala

Ere, hor zaude, ezer gertatuko ez balitz bezala: arlote

Alkoholizatu bat hiru metrora, beltz bi txineraz

(Mandarina) berbetan, azafata bat bere nobioari

Errieta egiten. Begira, gogoratu zara, aparkaleku

Horretan hil zituzten beren izenak ahantzi dituzun bi

Ekuadortar. Ez da erraza jakiten hau zer den, nola

Definitu espazio hau, zeren arabera osatu iritziak,

Zein neurri erabili erosotasun amiñi bat lortzeko.

Egunkarietan azaldu da: Kotxe istripu batean zendu

Zen bart Mike Tyson. Ene. Eta zuk estatistiketan

Pentsatu duzu zeure burua zuritzeko. Normala da.

Hemen behar zuten dagoeneko.