HITZ MORTUAK
Egia da, erdeinua nabari zen euren aurpegietan,
Nahiz eta jende guztiak jakin ez genuela halakorik
Merezi. Bi mende aurreragoko kolorezko kutxa
Batean genuen konfiantza, ekilibrista batek bezala
Egiten zuena txistu. Arbolen okerdura ez zen aldatu
Azkeneko hilabeteetan, baina biluzik paratu ziren
Itsasertzean ustekabeari zirrikiturik laga gabe.
Telefono bat eduki izan bagenu agian dei batzuk
Egingo nituzkeen, beste aldera begira. Bitartean,
Berriro giro hori jasango ez nuela zin egin nion neure
Buruari, posible balitz, itsasoari ere uko egingo
Niokeela. Untxiak eta zomorroak nire bizitzako
Enegarren izaki bilakatzeko prest zeuden, eguzki
Apalean, non zegoen nire soina? Hitz mortuak
Entzun ziren, naturak esanahiak ostu izan balitu
Bezala, baso honetan ihesbiderik izango ez bagenu
Bezala. Zenbait ekintzak aditzera eman zizkidaten
Beste zenbait oinaze artean ezezagun, eta espresio
Gabeko aurpegiak, eta kaioak edo putreak. «Barkatu
Ama, hazi egin naiz» esan zioten elkarri eta dena
Geratu zen agerian. Ura kubo erraldoi batzuetan
Garraiatu zuten, zaratarik atera gabe ia: eta horrela,
Garaipen berri bat aldarrikatzeko beste arrazoi bat
Lortu zuten. Ezin zen eraikuntzetan pentsatu, zubien
Harrokerian; gazte zenduak ikusteko prest nengoen
Errepideetan, hainbeste jakingo zuten ezta? Eserita
Geratzen ziren denbora luzez; hurrengo egunean,
«Diru gabe gaude» pentsatuko zuten, zerura so egin
Barik, noski. Egunkarietan zinema izarren argazkiak
Azaltzen ziren egun haietan, eta orduan egin nuen nik
Zin. Qualia, quality palmeren gerizpean. «Emakume
Izan nahi al duzu Charles?» galdetu zuen Arthurrek.
Hondartza hura zer zen, nola egin behar ote nion
Aurre; motz, bi, nor, ken, zer, sare.