BERDEZKO ALDIRIAK
Hizkuntza-joko batean murgilduta alferrikako neke
Ugari aurrezten dira. Eta jarioak elkargurutzatzen
Kiribilduta maiz; batzuk hazi egiten dira, beste
Zenbait, behinola nagusi izandakoak (edo betidanik
Galtzaile izandakoak) txikitu egiten dira, ahitzeraino.
Jolas bat baino gehiago da. Mundua galdu egin da
Baina semaforoa noiz berdatuko itxoiten dut.
Jendetzak ostu egiten du argia, leku eza, akidura:
Piercing & Body Painting. Kantatzen dihardute
Atzerritar batzuek «Bésame, bésame mucho, como si
Fuera esta noche la última vez», ez dira jabetzen
Talaien balioaz (batez ere euren egoeran). Hau da,
Ilunpetan, biluzik, bakardadean. Nik, azidoak modaz
Pasa ez direla aldarrikatu nahi dut, plaza hura
Isuriaren bestaldean egonagatik. Maite ditut, Marisa,
Andy, Joanna, D. Prest nago desengainuetarako,
Larrua gogortu zitzaidan iparraldeko haizeen erruz.
Beltz batek bisera batekin estaltzen du bere aurpegia.
Beste tipo bat ailegatu da. Kaleak halako manera
Dute, hemen ezin da sobera egin egiaren alde,
Ez zintuzkete serio hartuko. Barrendu nintzen
Hizkuntza-joko batean eta ez nuen topatu deus han:
Mundua(k), objektuak, gauzak, jainkoak, egia.
«Teilatu honetatik nola atera argazki berri bat?»
Galdetu didazu, eta nik ironikoki interpretatu behar
Izan dut. Nola bestela? Lerro zoro hauek ezin dira
Ekidin dagoeneko, sareak ezinbestean atzemango
Zaitu. Ondo bidean, andere bat hunkitu ahalko
Duzu udaberriko egun ezinezko (hala dirudi) batean.
Eta gero, sinatu eta data jarriko duzu bolaluma
Berde batez. Gertaldi agortezinak etorriko zaizkizu
Burura ausaz, baina zuhurrena galdu egingo duzula
Sinestea da. Eta gauza okerragoak badira. Pentsa
Zenbat jende hilko den minbiziak jota eta
Orijinaltasunaren inguruan hausnarketa sakonik
Egin gabe. Ez dira argazkilariak auzune honetan bizi
Izan diren bakarrak. Segurua da zu ikusiko
Zintuztela teilatuan sarritan, pentsakor, enigma anitz
Ebatzi ezinda. Bai, leihoetan paratuko ziren. Orain,
Ordea, oinazeak harrapatu ditu. Elkarren antza
Handia duten bi gauza topatu ditut portalean, eta
Beste bi magrebtar, eta hegoamerikar, eta
Txinatarrak, eta pertsianak, aulkiak, kajak,
Kakalardoak, eta zakurrak, eta bizikletak, eta abar.