L4
Barkamena arazo izaten da beti, ezta Ainhoa?
Gazteak toalla hartuta hondartzara joaten diren
Sasoian, damuak jokoz kanpo geratzen dira. Hemen
Artifizialak dira gehienak, gizakiak eraikitakoak eta
Eskultura irregularrak dituztenak. Ez dago gaizki.
Jendeak euren gauzak hartuta alde egiten duenean
Berriz, jaitsi egiten naiz. Ejertzito baten erretirada
Bezalakoa da. Gertuko etxebizitza garesti batean
Festa baterako prestatzen ari dira, zuk liburu batzuk
Eramaten dituzu. «Emak Bakia» galdetu dizute
Zer esan nahi du? Lau liburu erakutsi dituzu orduan
Esanez bezala: «Hemen duzue erantzuna».
Ia antzeman ezin izan dudan arren, mareak behera
Egin duela dirudi. Zeinen mugatuak diren gure
Zentzuak, pentsatu dut, eta liburu bat seinalatzen
Imajinatu zaitut, «hemen duzu erantzuna» esanez
Bezala. Horrela, beste egun bat alde egiteko bidean,
Capri c'est fini. Kale garbitzaileak gerturatzen hasi
Dira, eta nik, jaiki eta kaleko farolen babesa bilatu
Dut. «Zer esango lukete nire bizia benetan ezagutuz
Gero?» galdegin diot, berriz ere, ene buruari.
«¡Viva La República!» oihukatu du gero norbaitek
Azentu arraro batekin (ez dakit zertara etorri den).
Eta, han, Urrunean, morroi bat ikusten dut gaueko
Itzal artean. Andy Warholen ibilera dauka eta
Kantatzen ari dela dirudi. «Non zeunden zu 1982ko
Apirilaren hamabiko arratsaldeko bostetan?».
«Ospitaleko Kafetegian, zer iruditzen?».
«Kuriositatea baino ez zen» erantzun diot.
«Harrezkero ez naiz itzuli, eta dena ondo badoa,
Ez eta itzuliko ere, jauna». Solas egin dugu ia
Egunsentira arte (ematen zuena baino argiagoa da,
Soilik ez dela garaipenak eramateko gauza).
Ni ez naiz Nemo Kapitaina, itsasoa maite dut bai,
Baina laztanak ez ditut gogoko. Ordu honetan,
Mozkorrek ere hanka egiten dutenean, ez dituzu
Topatuko kalean bakarrizketan. Gora begiratu eta
Argia piztuta dago etxe batean, Ainhoa.