Alea
Alea
2009, poesia
120 orrialde
978-84-92468-08-9
azala: Lander Garro
Beņat Sarasola
1984, Donostia
 
2024, nobela
2019, nobela
2007, poesia
 

 

BINGO

 

Atseden hartzeko garaia ailegatu dela pentsatu

Baduzu, kosta egiten zaizu orain arrazoiak bilatzea.

Ez pentsa, ezin duzu askoz gehiago egin Bruc kaleko

Taberna honetan. Iluntzeak gustatzen zaizkizu.

Homelessek aterpe berriak asmatu dituztela kontatu

Dizu edonork eta lehenengo aldiz bizi hau noiz

Amaituko den galdegin diozu zeure buruari. Triste

Egon zaitezke, atsekabeturik, baina baduzu

Aurreztutako dirua, komiki bilduma ugari

(Amerikanoak) eta pelukerietako errebistak. Egizu

Zeozer askatasunez, zeren etsita sumatzen

Zaituztenean orduan egin beharko baitiozu aurre

(Egingo duzu) benetan. Txirrindulari batek bere

Norabidea zehaztu du keinu batez. «Hara,

Mendebaldeko hiri bat, aita». Horrela egiten da

Hegan paraje hauetan, usoak akabatu beharko

Liratekeen soinu kirrinkariak dira, eta orduan, zuk

Zer desira duzu zehazki? Idatz ezazu inoiz lortuko

Ez dituzun xedeen zerrenda eta postaz bidali

Ezagutuko ez zaituzten lekuren batera. Begira

Motoristen kasko koloredunak, polizia

Uniformatuak (berriz ere) aukera bat gehiago

Eskatuz, arren. Eliza zaharra ez dago urrun, antzina

Ez nuen gehiegi maite izan, baina gaur ez naiz bere

Aurrean paratzeko gauza. Kemenik gabeko izakia

Naiz. Bigarren astea da ez duzula ikusten, eta hala

Ere, telebistari begira jarraitzen duzu, zenbat

Garagardo ordaindu beharko dituzun axola gabe.

Antzina bingoan xahutu ahal zenituen gaizki

Pagatutako soldatatxo haiek. Lagunek etzidamuko

Egunak ahaztuak zituzten eta dena zen posible

Bihotz gabekoentzat. Kale bazterrean autobus bat

Matxuratuta ikusi eta sirena hotsak entzun dituzun

Arren, ez duzu deus egiteko asmorik. Llurian bi

Maitale ohik baikortasunez begiratu diote elkarri

(Badakizu), zer egin jakingo balute... Egia esan,

Ez dakizu atzera edo aurrera egiten ari zaren.