Izozmendiak
Izozmendiak
2003, poesia
96 orrialde
84-95511-58-4
azala: Jugatx Duņabeitia
Juanra Madariaga
1962, Bilbo
 
2009, poesia
1992, poesia
 

ABISTUA

 

Badakit

bart nigan pentsatu besterik ez zenuela egin.

Badakizu,

belarri barreneko espiral sakon horretan

abistu kroniko eta luze horrek esnatu ninduen.

 

Telefono horixka desatsegina

dar-dar batean zegoen, jotzeko zorian,

zuk esan beharreko berbak

plastikozko aurikularrean jauzika,

ni ez beste guztia anatema bihurtzen.

 

Pertsianetako zirrikitu indiskretoetan

zure begi azarriak izan zitezkeen

pilpirak sentitu nituen,

periskopioetako begiradak balira bezala.

 

Beti hipaka aritzen diren etxeko hodierietan

zure zurrumurru histerikoa

nire ahoaren oihartzuna bilatu nahian zebilen,

kalefakzioari ere bihotza lapurtuz.

 

Horregatik dakit

bart nigan pentsatu baino ez zenuela egin.

Baina ez dakit

zalantzaren portu honetan

on ustean ala txarto aritu zinen.