Aurkibidea
Izozmendien noraeza
Aurkibidea
Izozmendien noraeza
AGURTZEKO ZAPIAK
Ahalik eta urrunen bidali nahi nituzke geziak,
pinu altuetatik hartuko ditut bihotzak,
murrizketa handia egingo dut kortikoideekin,
haranetako hizkuntzetan idatziko ditut epilogoak,
belaunikatuko naiz poeta berrien ahoetan,
intxaur zaharrekin egingo ditut meteoritoak,
izurdeei mintzatzearen misterioa azalduko diet,
kea atera baino lehen amatatuko dut ilusioen sua,
okaranak planeta bihurtuko dizkizut,
ubarroien abiaduraren ariketa buruturik egongo da,
maleriaren aiztoak ez du oihurik egingo eta
gudetako gerlariek bero ekarriko dituzte eskuak.
Hasiko naiz ibiltzen eta arrainekin batera
geografiak bustitzen.
Hasiko naiz gaztetzen, keinuz, hitzez
eta orduan bataioa ezinbestekoa izango da,
abisatu gabe heldu den aro itxaropentsu berri honek
antagonikoa den estiloari uzten baldin badio
eta faltsukeriaren segadaren ordainetan
garbitutako zapiak ematen badizkit.
Astinduta, oraintxe.