Aurkibidea
Izozmendien noraeza
Aurkibidea
Izozmendien noraeza
HOBE MILA BOTOI
Kremailera zabaldu zenion
eta amodio guztia jausi zitzaizun zorura.
Egia esan eta hirurogeita hamar aldiz
zazpi gezurtatuko balu bezalako
begirakunea jartzen zizun.
Irribarre egiten zuen,
agertzear zegoen zauri bolkaniko hura
ikusiko ez balu bezala.
Mila aldiz esan zenion,
berak ez zuen deus ere ulertzen baina.
Eta oraindik, ikusten duzun bakoitzean,
arrainak tripan dabilzkizula,
azaltzeko gogoa egiten zaizu,
baina hura ihesean dago,
zure isiltasunetik, zure ahotsetik
kremaileradun bihotz horretan gordetzen dizunetik
ez baitu deus ulertuko
zuk ulertzen duzun bezala.
Deus ere ez.
Eta zure zorigaitzaren zioa bera dela
pentsatuko du emakume horrek.