Aurkibidea
Izozmendien noraeza
Aurkibidea
Izozmendien noraeza
LEKEDA BEZALAKOA
Ez zegoen une klaberik,
baina atzekoz aurrera zenbiltzan
kale bete jende artean.
Zeu bakarrik,
tabernako kristal marratuaren atzetik,
distortsionaturiko kaleko argien pean.
So egin zenidanerako jaiotako ibaiak joanak ziren,
limoi aleak usteldurik zenekartzan,
ukatutako mendi guztiak lurraren pare berdinduak,
itsaso txikiak zein handiak lehorturik eta
hondoko aingura herdoildurik, agerian,
disparaturiko arrano helezinak disekaturik,
loaldi luzeko hartzak hotzak hilik.
Kafearen azken gerizpea hartu eta
kalera egin nuen nik ere.
Atarian etsipen galtzaileak ito ninduen berriz,
lekeda bezalako etsipenak,
inoiz atera behar ez nuen taberna formadun atean.