Aurkibidea
Izozmendien noraeza
Aurkibidea
Izozmendien noraeza
NAHI ZENITUENAK
Nola iritsi ahal izan zinen hain koldarra izatera?
Koldarra ez da apelatiborik onena,
egokiago da hiena zorriztoa edo,
modu sinpleagoan esanda, kabroitzarra.
Nire bularretakoak altxatzen zenituen bakoitzean
maite ninduzula esaten zenidan,
likrazko nire kuleroak mihiarekin marrazten zenituenean
ipurdian gora eta behera
maite ninduzula esaten zenidan,
nire ezpainetako distira metalikoa zure zakilaren
masajea eta relaxa izateko eskatzen zenuenean
maite ninduzula esaten zenidan.
Eta hau guztia egin genuen azken aldian
nirekin asperturik, gogaiturik zaudela diostazu,
oso bide luzea egin dugula eta
beste esperientzia batzuk bizi nahi dituzula
eta abar, eta abar eta abar.
Zer orijinala zaren! Zure maite zintudan guztiek
iraungitze data zekarten ipinita aspalditik.
Arropa berria erosi dut,
ilea motzagoa daramat, gorriz tindatua,
depilazio dermoestetikoa ordaindu dut edertzearren,
ezpainak markatuago daramatzat,
gimnasioan nabilenetik 5 kilo kendu ditut
eta baita oroimen txar asko ere izerditan.
Etxez aldatu naiz, txakur bat erosi,
gidatzeko karneta atera,
lagunen arteko babesetik elikatu.
Egin ditut zuk nik egitea nahi zenituen gauza guztiak.
Baina begiak berdin-berdinak dira,
ez ditut koloretako lentilak jarri.
Begiratuko bazenit ohiko kolorepean ikusiko zenituzke
urteetan izan dizkizudan betiko gorroto eta nazka.