Aurkibidea
Zinematik ateratzean sei dei galdu nituen...
Batez besteko errentaren arabera...
Atletismoko pista atzean utzi eta...
Hamar minutu falta ziren supermerkatua ixteko...
Sofara itzuli eta, zerbezaren garratza ezpainetan...
Gaur egun, iruntzitara dator denbora...
Nik bakarrik lo egiten nuen garai hartan...
Ez naiz akordatzen zeren jakin-minez...
Inora ez daraman pentsamendu laino hartatik...
Bidean aurrera, errebuelta batean...
Amorrarazita alde egin nuen museotik...
Arte garaikideari buruzko dokumental batean ikusi nuen...
Nik, geure historian gatibu, beste autobusa hartu nuen...
Udaberriko goiz lainotu hartan...
Bai goroldiotan eta bai garitan...
Buruko min arin bat sentitu nuen...
Plastiko beltz batek bele bat zirudien zuhaitz adar batean...
Asteazken goiz buruzuri bat zen eguzkiaren alde honetan...
Telefono mutuaraziak jo zuen...
Kilometro eskas bat geratzen zitzaidan...
Atzetik ez ditut ondo ikusten, baina lau direla esango nuke...
Telefonoak bateria azkenetan zuela adierazi zidan...
Badira ia 10 urte aita baino zaharragoa naizela...
Gezurra dio gaur paisaiaren berdeak...
Goiz jaikia nintzen eta bidea ere luzetxo egiten hasia zitzaidan...
DNAren eta bizitzaren ehuneko berrogeita hamarra, gutxi gorabehera, berdina izan dugu...
Dutxatu, afaria prestatu, harriko minimala egin, eta...
Goiz jo zuen telefonoaren alarmak, baina esna nengoen ordurako...
Aurkibidea
Zinematik ateratzean sei dei galdu nituen...
Batez besteko errentaren arabera...
Atletismoko pista atzean utzi eta...
Hamar minutu falta ziren supermerkatua ixteko...
Sofara itzuli eta, zerbezaren garratza ezpainetan...
Gaur egun, iruntzitara dator denbora...
Nik bakarrik lo egiten nuen garai hartan...
Ez naiz akordatzen zeren jakin-minez...
Inora ez daraman pentsamendu laino hartatik...
Bidean aurrera, errebuelta batean...
Amorrarazita alde egin nuen museotik...
Arte garaikideari buruzko dokumental batean ikusi nuen...
Nik, geure historian gatibu, beste autobusa hartu nuen...
Udaberriko goiz lainotu hartan...
Bai goroldiotan eta bai garitan...
Buruko min arin bat sentitu nuen...
Plastiko beltz batek bele bat zirudien zuhaitz adar batean...
Asteazken goiz buruzuri bat zen eguzkiaren alde honetan...
Telefono mutuaraziak jo zuen...
Kilometro eskas bat geratzen zitzaidan...
Atzetik ez ditut ondo ikusten, baina lau direla esango nuke...
Telefonoak bateria azkenetan zuela adierazi zidan...
Badira ia 10 urte aita baino zaharragoa naizela...
Gezurra dio gaur paisaiaren berdeak...
Goiz jaikia nintzen eta bidea ere luzetxo egiten hasia zitzaidan...
DNAren eta bizitzaren ehuneko berrogeita hamarra, gutxi gorabehera, berdina izan dugu...
Dutxatu, afaria prestatu, harriko minimala egin, eta...
Goiz jo zuen telefonoaren alarmak, baina esna nengoen ordurako...
Ehun urte inguruko etxea da gurea.
Gariz, mahatsez eta olibaz gain, gereziz, zainzuriz, mertxikaz, tomatez, garagarrez, artoz, tipulaz, almendraz, albertxikoz, txerriz, oiloz, arrautzaz, egurrez, porlanez, harriz, hareaz, Errepublika garaiko bilera klandestinoz egina.
Hiru zatitan banatzera, gizakia zatekeen. Ortozik ukuilua, herria urbanizatu aurreko lurrean errotuak oinak. Mendez mende jalkitako hareharria zapaltzen du kaskoan dagoen bi ateko etxeak. Etxea soina, logela, komun, komedore eta ekonomikaz hornitutako sukaldearekin (irentsi egingo dut suaren metafora kutrea). Eta orno zerbikaletan mailaz maila gora, ganbara.
Ganbara memoria da orain. Garai batean motorra zen, planifikazioa zen, estrategia, ideologia.
Hormako harri faltsu batean, beldurrez eta abileziaz egindako gordelekuan, bost abizenen konbinazioan kabitzen diren dozena bat gazteren izenak eskuz idatzitako orri batean. Eta amonaren anaiaren Espainiako Bigarren Errepublikako pasaportea, Ameriketara ihes egiteko erabili zuena. “Ezer gabe joan da”, esango zuten. Nahiago zukeen, hala ere, ezer gabe joan izan balitz, eta ez bere anaia gaztearen suizidioa begien atzean gordeta.
Orain memoria da ganbara, desordenatua eta hautsak bildua. Hainbeste esaten duten eta zure ezin ulertuak ezgauza bihurtu dituen trastoz betea.
Inkomunikazioa.
Eten bat denboran eta espazioan, zure kasuan, urte gutxitan, aurreko mendeetako bizitzarekiko.
Atzeko egurrezko atetzarra ireki, eta jaitsi egin nintzen. Erratza hartuta, hildako hiruzpalau uso baztertu nituen, gurpilek zapal ez zitzaten. Kotxea sartu, atea giltzatu eta eskaileretan gora igo nintzen uso eta enarekin konpartitzen genuen etxean, beraien bizitza laburrak ere uzten dituen heriotza, galera eta zirin arrastoak saihesten alferrik saiatuta.
Hainbat gerra egindako jendearen ondorengoek beste gerra bat deklaratu diete txoriei, bereziki usoei, hegodun arratoiak orain, eta enarei. Herri kontra dauden soroetan garaian garaiko aleak ostu eta gurea bezalako etxe abandonatuetan egiten dituzte habiak, hala lasaiago igarotzeko hemengo negu hotzak eta udara erreak.
Ganbara aireztatzera igo nintzenean, ikusi nuen aldameneko etxekoek balkoi ertzean erretxinazko hontz erraldoi horietako bat zutela jarria. Uste aldean, norbere bizitzako eremu ezberdinetan hautsitako, demagun, gauzen konponketa posibleak eskaintzen dituen brikolaje saltoki handi horietako batean ikusiak nituen horrelako hontzak: kaxa batean, hogeiren bat aleko txori-saldoa, begiak zabal-zabalik, norabide guztietan, eta elkarri ere, harrituta bezala begira.
Goizeko txorimalo mileuristarekin gogoratu nintzen.
Gu erabaki ezinda geunden gerrarako zein taktika erabili. Momentuz, udalak berak jartzen zituen kaiola-tranpa handiak genituen ukuiluan. Halakoxeetan atzitzen zituzten bizirik, handik kilometro batzuetara natura aitzakia muntatutako aisialdiko parke tematikoko harrapakari alfertuei jaten emateko.
Ganbaran gelditu nintzen. Hurrengo egunerako utziko nuen. Ordu gutxi nituen hainbeste egun, aste, hilabete, urte eta hamarkadatan elkarren ondoan inkoherenteki gordetako bainoago, elkarren ondoan geratutako traste pila harekin guztiarekin zer egin erabakitzeko. Egia esan, zer egin baino, zer salbatu erabakitzeko.
(Aitaren aldetik ez genuen hainbesteko lanik. Erantzunez eta hezurrez betetako panteoitzar bat da gure jaraunspen bakarra; eta darion goroldioa urtero santuguztienegunaren bezperatan guraize eta eskuilarekin garbitzeko ardura).
Erabakia hartua genuen. Goizeko hamarretan nuen langileekin zita.
Eguzkia apaltzen hasi zenean, laurogei bat urteko distantziara dagoen sukalde berritura jaitsi nintzen. Hozkailua piztu eta afaltzeko eta gosaritarako ekarritakoak bertan sartu ondoren, etxearen atenporalitatera egokitzeko neure gaztetako arropa zaharrak jantzi nituen. Terrazara atera, eta handik, etxe barruko eskaileretan behera, ukuilu aurreko patiora jaitsi nintzen. Kotxea atera eta erratz handiarekin, han eta orduan, gerra definizio guztien artean, ondoen gerra zikin moduan definitu genezakeen hartan, nire partea jartzeko.
Zirin lehortua, txoriak hilda, lumak, fetuak, arrautza oskolak, azeituna hezurrak, arrautza abandonatuen barruan txori abortatuak, denak zabor-poltsa batean bildu eta kontainerretik buelta egin ondoren, autoa berriro ere bertan sartu nuen.
Konturatzerako, ilunabartzen ari zuen.
Urteek aurrera egin ahala, hain neurea dudan eguneko une horrek eragindako zuloa noraino sakondu zitekeen sumatzen hasi nintzenez, berriro ere arropak aldatu eta korrika atera nintzen etxetik, korrika egitera.
Olibadiko bidea hartu nuen. Olibondoak sendatzeko garaia zen, kimatzean eragindako zauriak orbaintzen laguntzeko garaia. Langile marokoarrak laneko arropak aldatu eta furgonetetan sartzen ari ziren. Ni baino gazteago izanagatik, nik baino gertuago zituzten arbolok. Distantzia, kasu honetan, bestelako materiaz neurtzen zen.
Traktore bat zetorren aurrez, berak sortutako hautsaren atzean ezkutatua.
Filtro okre batek iragazten zituen bide bazterrera etorritako lore, landare eta langileen ibilgailuak.
Berriro ere multinazionalen monolaborantzagatik latifunditzen ari zen paisaian, labore sailetan barrena, intsektu beldurgarria zirudien urrunduz zihoan traktoreak.
Errepublika garaiko laborariek diferituan galdutako gerra bat.
Pausoa mantsotu, amari dei egin, eta bere paisaiaren eta arratsaren deskripzio inpresionista, kaotiko eta presatu bat egin nion.
Herri barnea hustu ahala ari da zabaltzen hemen ere ingurua. Adostasun estetiko eta arkitektonikorik gabe, higiezinen agentzia bateko katalogotik atereak diruditen etxe bakar eta singularrek mugatzen dute herria.
Bizileku hauetako baten atarian, gizon gazte bat ari zen belar artifizialezko etxe sarrerako belazetxoa ureztatzen. Heskai artifizialez eginiko hesiak inguratzen zuen etxea, gezurretako kristalezko sarrera zuen, egurraren zainak antzeratzen zituzten harlauzak, eta dena osatzeko, etxe osoa estaltzen zuen antzinako harriaren imitazioa zen gresezko bilgarria. Duda egin nuen bizitza erreal bat bizi daitekeen horrelako etxe batean.
Herriaren atzeko bideari jarraituz bueltatu nintzen etxera, badaezpada ere, garajetik. Kalera ematen du aurreko ateak, eta onenean, norbait agurtu eta bi kontu esateko, neure oskol absurdutik atera beharko nuen.
Anaiari mezu bat bidali nion —gizon bat nik beti diminutibo batean babestua— hurrengo eguneko hitzorduaren berri emanez.
Anaia.