Aurkibidea
Zinematik ateratzean sei dei galdu nituen...
Batez besteko errentaren arabera...
Atletismoko pista atzean utzi eta...
Hamar minutu falta ziren supermerkatua ixteko...
Sofara itzuli eta, zerbezaren garratza ezpainetan...
Gaur egun, iruntzitara dator denbora...
Ez naiz akordatzen zeren jakin-minez...
Inora ez daraman pentsamendu laino hartatik...
Bidean aurrera, errebuelta batean...
Amorrarazita alde egin nuen museotik...
Arte garaikideari buruzko dokumental batean ikusi nuen...
Nik, geure historian gatibu, beste autobusa hartu nuen...
Udaberriko goiz lainotu hartan...
Bai goroldiotan eta bai garitan...
Buruko min arin bat sentitu nuen...
Plastiko beltz batek bele bat zirudien zuhaitz adar batean...
Asteazken goiz buruzuri bat zen eguzkiaren alde honetan...
Telefono mutuaraziak jo zuen...
Kilometro eskas bat geratzen zitzaidan...
Atzetik ez ditut ondo ikusten, baina lau direla esango nuke...
Telefonoak bateria azkenetan zuela adierazi zidan...
Badira ia 10 urte aita baino zaharragoa naizela...
Gezurra dio gaur paisaiaren berdeak...
Goiz jaikia nintzen eta bidea ere luzetxo egiten hasia zitzaidan...
Ehun urte inguruko etxea da gurea...
DNAren eta bizitzaren ehuneko berrogeita hamarra, gutxi gorabehera, berdina izan dugu...
Dutxatu, afaria prestatu, harriko minimala egin, eta...
Goiz jo zuen telefonoaren alarmak, baina esna nengoen ordurako...
Aurkibidea
Zinematik ateratzean sei dei galdu nituen...
Batez besteko errentaren arabera...
Atletismoko pista atzean utzi eta...
Hamar minutu falta ziren supermerkatua ixteko...
Sofara itzuli eta, zerbezaren garratza ezpainetan...
Gaur egun, iruntzitara dator denbora...
Ez naiz akordatzen zeren jakin-minez...
Inora ez daraman pentsamendu laino hartatik...
Bidean aurrera, errebuelta batean...
Amorrarazita alde egin nuen museotik...
Arte garaikideari buruzko dokumental batean ikusi nuen...
Nik, geure historian gatibu, beste autobusa hartu nuen...
Udaberriko goiz lainotu hartan...
Bai goroldiotan eta bai garitan...
Buruko min arin bat sentitu nuen...
Plastiko beltz batek bele bat zirudien zuhaitz adar batean...
Asteazken goiz buruzuri bat zen eguzkiaren alde honetan...
Telefono mutuaraziak jo zuen...
Kilometro eskas bat geratzen zitzaidan...
Atzetik ez ditut ondo ikusten, baina lau direla esango nuke...
Telefonoak bateria azkenetan zuela adierazi zidan...
Badira ia 10 urte aita baino zaharragoa naizela...
Gezurra dio gaur paisaiaren berdeak...
Goiz jaikia nintzen eta bidea ere luzetxo egiten hasia zitzaidan...
Ehun urte inguruko etxea da gurea...
DNAren eta bizitzaren ehuneko berrogeita hamarra, gutxi gorabehera, berdina izan dugu...
Dutxatu, afaria prestatu, harriko minimala egin, eta...
Goiz jo zuen telefonoaren alarmak, baina esna nengoen ordurako...
Nik bakarrik lo egiten nuen garai hartan.
Artean ez nekien handik gutxira eme beltzaran baten ilaje kizkurrarekin nahaspilatuko zela lotan nirea. Bi adats beltz elkarrekin oheratu eta ileak urdinduta esnatuko ginela. Neure ex-ak ere ez nituen artean ezagutzen.
Gizon batekin egindako zauria emakume beltzaran baten begiek miaztuko eta onduko zidatela.
Eta bien artean, bezperetan beraiekin oheratzean azal leuna izanagatik hurrengo goizean bizarrak lakartutako gizon ederren eta emakume zoragarrien azal beti leun eta amaigabeen kontra igurtziz azalberrituko nintzela, sugeek harrien kontra egiten duten eran.
Ez jakiten hasi, eta ez nekien, gau hartan, ilaje kizkurdun eme beltzarana beste emakume baten bizkarrean sexuaren likaz itsatsita lokartu zela nire orduko etxetik 156 km-ra. Jakin izan banu, jeloskortasun erretrospektibo batean bilduko ninduela. Hondakin toxikoen sailkapenean, beste bat: monogamia.
Berrehundik gora zomorro eta inbertebraturekin pisua konpartitzen nuela ere ezjakin, gau hartan bakarrik lo egiten nuen.
Eta astearte iluntze hartan ere, aldaketa klimatikoa omen den mehatxu gero eta berehalakoago eta saihetsezinagoari buruzko telebista programa ezin larrigarriago bati begira loak hartzen ninduenez, eta aspaldi ulertuta aukera handirik ez dagoela hemendik bizirik ateratzeko, ohera joatea erabaki nuen, errendituta. Hitzaren zentzurik txarrenean.
Berealdiko haize eta euri erauntsi ekaitz batean, bata bestearen ondora, elkarri leku eginez nolabait, hasieran poliki —bertigoa eta distantzia kalkulatuz— baina ondoren, eta ezinbestean kolpetik, bortizki eroritako eukalipto hondatuen xaflez fabrikatutako ohean, bare eta azkar hartu ninduen loak.
Hortzak eta haginak higatzen nituen bitartean, bruxismo intimo eta animalian.
Insomnioaren kontrako posturen errotazio amaigabean, lotarako jantzitako kamixetaren barruan preso, gauaren erdian esnatuko nintzen gau hartan ere, betiko ordu bertsuan, —hain jakintsua omen den, baina beraiei hain onura gutxi ekarri dien medikuntza txinatarraren arabera— tristura, nostalgia eta beldurrarekin zerikusia omen duen horrexetan.
Dena isilik zegoen eta txakur baten zaunka nekatuak mundua zahartu zuen.
Ez-esna ez-lo, halako ordeka mental batean, agian inoiz gertatu ez ziren eta gertatuko ez diren pasarteen berrirakurketa lausoari ekiten nion. Eta berriro lokartzen nintzen berehala, inork idatzi gabeko hitzarmen sozial eta politikoa den esnatzeko ordura arte.
Hala ere, goiz zen oraindik.
Txolarreak entzuten nituen balkoian, baso eta belazeetako zizare eta zomorroen ehiza darwinista utzi eta bezperan konpostatutako gazta-azalei mokoka.
Zozo baten kantu mainstream baina liluragarria kotxe baten motorrak zapaldu zuen.
Inguruko etxebizitzetako biztanleen ohituren soinu mapa errekonozitzeko lain denbora baneramanez etxe hartan, banekien huts handirik egiteko beldurrik gabe zer ordu inguru zen.
Jaiki eta sukalderantz egin nuen. Irratia piztu eta esatariaren ahotsak —maite dut esatari horren ahotsa— ordu luzeetan nekarren bakarrizketa isilarazi eta lasaitu egin ninduen.
Berriak entzutera jarri nintzen, jakinki berria hitza substantibizatu denetik ez daukala kontatzen denak zertan berria izan. Gehienetan, bezperako kontakizunarekin jarraitzen du munduak, kazetaritzaren irizpide estilistikoek aginduta, ustez objektiboa den narrazio orojakile eta hirugarren pertsonakoaren mendean.
Lehen pertsonatik hirugarrenera doan distantzia horretan kabitzen da munduaren brutalidade osoa.
Bezperako kondarrak hustu eta berriaz beteta jarri nuen kafetera.
Suaren imitazioa den uztai gorri induzituan.
Suaren alegoria bat.
Kafetera txistuka hasi aurretik, dutxatu eta logelarantz egin nuen. Etiketetan hogeita batgarren mendeko esklabotza oihuka salatzen duen Bangladesh hitza baino larrigarriagoa zaigun ez plantxatu edo ez 40º baino ur beroagoetan sartu ikonodun arropaz beteriko armairu desordenatutik estalkiak aukeratu eta jantzi egin nintzen.
Hainbeste urtetan errepikatutako sinkroniaz, ogia eta marmelada jarri nituen manteltxoaren gainean. Katilua, zapia, koilaratxoa gero, kafetera italiar txikia ondoren, bodegoi desordenatu bat osatu nuen arte.
Kafe hutsari egindako lehen hurrupak sei mende atzera doan Amerikaren konkista eta sarraski osoa justifikatzeko lain emango lioke artean ilun zen egunsenti hartan bosgarren pisuan lanpara fluoreszenteak argitzen zuen sukaldeko emakume gazteari. Etxe orratzeko leihoen atzean itzalak ageri ziren, hara eta hona; katu batek errepidea zeharkatu zuen jardinerantz, gaueko erreinuaren jabe. Zebrabidearen lehen marran zetzan bezperako kontainerra trabeska, eta supermerkatua sekula zabalik egon izan ez balitz bezain itxita, atletismo pista hutsik. Alde zaharreko teilatuek desordenatuki eroritako karta-sorta ziruditen, panpano ilara luzeek urrutira zeramaten lau zubik zeharkatzen zuten ibaia, eta trenbideek ubide agortuaren traza hartzen zuten. Iparraldetik, itsaso berun geldiak eusten zion hiri nagituari, eta barrualderantz barreiatzen ziren autobideak tontortutako muinoen artean, ortzi muga kurbatzen zen lekura arte. Hantxetik ari zitzaion eguzkia ateratzen udazkeneko zeru gorriaren ebakietan zehar beste behin ere mundu zaharrari.