Aurkibidea
Batez besteko errentaren arabera...
Atletismoko pista atzean utzi eta...
Hamar minutu falta ziren supermerkatua ixteko...
Sofara itzuli eta, zerbezaren garratza ezpainetan...
Gaur egun, iruntzitara dator denbora...
Nik bakarrik lo egiten nuen garai hartan...
Ez naiz akordatzen zeren jakin-minez...
Inora ez daraman pentsamendu laino hartatik...
Bidean aurrera, errebuelta batean...
Amorrarazita alde egin nuen museotik...
Arte garaikideari buruzko dokumental batean ikusi nuen...
Nik, geure historian gatibu, beste autobusa hartu nuen...
Udaberriko goiz lainotu hartan...
Bai goroldiotan eta bai garitan...
Buruko min arin bat sentitu nuen...
Plastiko beltz batek bele bat zirudien zuhaitz adar batean...
Asteazken goiz buruzuri bat zen eguzkiaren alde honetan...
Telefono mutuaraziak jo zuen...
Kilometro eskas bat geratzen zitzaidan...
Atzetik ez ditut ondo ikusten, baina lau direla esango nuke...
Telefonoak bateria azkenetan zuela adierazi zidan...
Badira ia 10 urte aita baino zaharragoa naizela...
Gezurra dio gaur paisaiaren berdeak...
Goiz jaikia nintzen eta bidea ere luzetxo egiten hasia zitzaidan...
Ehun urte inguruko etxea da gurea...
DNAren eta bizitzaren ehuneko berrogeita hamarra, gutxi gorabehera, berdina izan dugu...
Dutxatu, afaria prestatu, harriko minimala egin, eta...
Goiz jo zuen telefonoaren alarmak, baina esna nengoen ordurako...
Aurkibidea
Batez besteko errentaren arabera...
Atletismoko pista atzean utzi eta...
Hamar minutu falta ziren supermerkatua ixteko...
Sofara itzuli eta, zerbezaren garratza ezpainetan...
Gaur egun, iruntzitara dator denbora...
Nik bakarrik lo egiten nuen garai hartan...
Ez naiz akordatzen zeren jakin-minez...
Inora ez daraman pentsamendu laino hartatik...
Bidean aurrera, errebuelta batean...
Amorrarazita alde egin nuen museotik...
Arte garaikideari buruzko dokumental batean ikusi nuen...
Nik, geure historian gatibu, beste autobusa hartu nuen...
Udaberriko goiz lainotu hartan...
Bai goroldiotan eta bai garitan...
Buruko min arin bat sentitu nuen...
Plastiko beltz batek bele bat zirudien zuhaitz adar batean...
Asteazken goiz buruzuri bat zen eguzkiaren alde honetan...
Telefono mutuaraziak jo zuen...
Kilometro eskas bat geratzen zitzaidan...
Atzetik ez ditut ondo ikusten, baina lau direla esango nuke...
Telefonoak bateria azkenetan zuela adierazi zidan...
Badira ia 10 urte aita baino zaharragoa naizela...
Gezurra dio gaur paisaiaren berdeak...
Goiz jaikia nintzen eta bidea ere luzetxo egiten hasia zitzaidan...
Ehun urte inguruko etxea da gurea...
DNAren eta bizitzaren ehuneko berrogeita hamarra, gutxi gorabehera, berdina izan dugu...
Dutxatu, afaria prestatu, harriko minimala egin, eta...
Goiz jo zuen telefonoaren alarmak, baina esna nengoen ordurako...
Zinematik ateratzean sei dei galdu nituen. Ez nuen zenbakia ezagutzen. Baina banekien norenak ziren.
Telefonoari begira, oraindik ere gogoaren erdia fikzioan nuela eta beste erdiaren erdia ere mugikorraren barruko ez fikzio ez errealitate den dimentsio horretan, eztanda lehor baten burrunbak astindu zidan barrua, dardaratu zituen hormak, tinpano, harri eta hormigoizkoak. Beirateek doi-doi eutsi zioten hautsi zoriaren kirrikari.
Zapart erraldoiaren oihartzun ubera mehartuz eta sakabanatuz joan zen gero Parte Zaharreko karriketan barrena.
Leherketa osteko bareak isiltasuna isilagotu zuen eta denbora paralizatu segundo luze batez.
Zartadaren erresonantzia artean barruan genuela, kanpora ateratzen saiatzen hasi ginen, eta kaletik babes bila zetozenekin talka egitean, zinemako atearen estuan bultzaka, gorputz eta garrasi anabasa artifiziala sortu genuen.
Udaltzainen eta Poliziaren argi-seinale urdinek orain etxeak, orain zuhaitzak argitzen zituzten. Zinta zuri-gorriek are nabarmentzen zuten hesitutako eremuaren arriskua.
Ni ere zaurituta nengoen, nahiz zauriak neurekin nekartzan arratsalde horretan.
Irrati eta telebistetan, larritasuna galtzeraino iragarria zuten olatu eta ekaitzengatiko alarma egoera.
Horrexegatik, gure molde eta klaseko jendeak egin ohi dugun legez, zinema aretoaren epelean aterpetzea erabaki nuen neuk ere, ez soilik ekaitzetik.
Beste olatu harrotu bat lehertu zen berrogeita hamar bat metrora zegoen murruaren kontra. Lipar batean txikitu zituen segurtasun eremuari egindako kalkulu eta protokolo guztiak. Itsasoa nahieran barreiatu zen kale eta zirrikituetan, eta bonbetatik edo galerna batetik ihes egiteko aktibatzen duen salbazio mekanismo berari erantzunez, jendeak korrika ekin zion berriro ere; izakien artean, superbibentzia sena deritzona: norbere burua salbatzera daramana eta, ondorioz, espeziearen biziraupena bermatuko duena. Eta ez alderantziz.
Kostata atera nintzen pelikula-kartelek apaindutako ataritik.
Haizeak gogor jotzen zuen eta leku guztietatik ari zuen euria. Ehun metro aurrerago, eskubitara egin eta erdigunerantz jarraitu nuen. Nahikoa izan zen bi etxe ilara atzean uztea hiri eder hartako babes hormak gainditu nahian zebilen itsaso zakarraren oldarra ahazteko.
Kolpetik ilundu zuten arratsa espaloietako, eraikinetako, kotxeetako argi piztu berriek. Oinezkoak eraikin ertzen babesaren bila zebiltzan. Beroki eta guardasol azpietan sartuta, erauntsiaren kontrako autodefentsa imintzioak esajeratuta egiten zuten harlauzetan aurrera.
Dendak ere ixten ari ziren. Nire ondoan bidea gurutzatu zain zegoen gizon gazteak dezepzio garesti erosi berria zeraman zilar koloreko poltsa batean.
Autobusek, mukuru beteta, basapiztia nekatuak ziruditen aurrean, behean eta alde banatan piztuta zeramatzaten begi margul haiekin.
Etxera oinez joatea erabaki nuen. Hiru kale ibilita, ekaitzak berea duen barealdia zabaldu berri, hiriak argiztapen irreal baten tankera hartu zuen, hiru ordu atzera egin eta berriro argitu izan balu bezala.
Urrutira, olatuek apar zuritan lehertzen segitzen zuten itsaso beltzetik.
Artean udazkena zen arren, arratsaldeko eguzki goxotan atera zirenak arropaz arin harrapatu zituen negu tankerako iluntzeak. Urtaroen aldaketa beti da horrela, beti bidaltzen du hurrengoak bere egun bat: egun sargori bat udaberrian, iluntze eta goizalde hotz bat abuztuan edo udazkeneko arrats hartan jendea uzkurtzen zuen haize hotz hura. Mareek ere lantzean behin botatzen dute olatu bat, zazpitik bat, hurrengo olatualdiaren tamainakoa. Seinale bat.
Eta horrela aldatzen da dena; urtaroak, marea edo bizitza bera: begitarte kezkagarri bat, gezur txiki bat edo luiziaren aurreko harri soltea.
Zorretan nengoen telefonoarekin. Azken urteetako krisi ekonomikoagatik itxiarazitako denda bateko bi eskaparateen arteko atarian geratu eta dei galduen zerrenda zabaldu nuen. Lehenbiziko zenbakiari eman nion.
Errieta batean erantzun zidan gizonezko ahots batek. Eskua aldakan, generoaren organora eraman nuen. Beste paisaia bateko haize zakarra sartzen zitzaion hitzen artean ahots ajatuari eta ez nion oso ondo entzuten.
Pentsatuko genuela esan nion, eta erantzungo geniola. Baina presarik ez izateko.
Aurikularrak[*] jantzi eta Nick Caveren ahotsak bildu ninduen. Bi etxaditan barna ibai ertzeko espaloi zabalean jarraitu nuen. Itsasoa ezin kabituta zetorren.
Alde banatan luzatzen zaizkion etxe ilarak eta abenidak lotzen dituzten zubiei bultzaka ari zen uraren emana; eta —abesti haren zabuan, propio sortutakoa zirudien soinu banda batean, biolin eta gitarra distortsionatuen arpegioek atxikia—, gainezka egingo zuela zirudien arren, bere buruari eusten zion.
Atertu bazuen ere, panpano luzeen azpitik pasatzean, desgaraian bustitzen ninduten ekaitzean bildutako tantek haizeak astinduak.
Zuhaizpea utzi eta ibai ertzetik jarraitu nuen. Ur gazi eta gezaren etenik gabeko gatazka bizi du bertan emari zabalak.
[*] Aurikularrekin lotutako pasarte harrigarri bat ageri da Carson McCullers-en Bihotza ehiztari bakartia da liburuaren hasiera aldera. Narratzailea den Mick Kelly neska gazteak dio handitan abeslaria eta asmatzailea izan nahi duela; eta beste asmakizun profetiko batzuen artean hurrengo hau aipatzen du: “Jendeak belarri barruan sartuta edonora eramateko moduko ilar baten tamainako irrati txiki-txikiak asmatuko nituzke”.
1940an idatzia, urteak beharko zituen teknologiak, literaturak asmatutako gailu hori gauzatzeko.