Poesia kaiera
Poesia kaiera
Emily Dickinson
itzulpena: Angel Erro
2014, poesia
64 orrialde
978-84-92468-60-7
Emily Dickinson
1830-1886
 
 

 

656 (520)

 

Goizean goiz esnatu — Txakurra hartu —

Eta Itsaso aldera abiatu nintzen —

Azpiko Itsaslaminak atera ziren —

Niri begiratzera —

 

Eta Goialdeko — Fragatek —

Kalamuzko Eskuak zabaldu zituzten —

Ni Sagu bat nintzelakoan —

Hondartzan — Hondoa joa —

 

Baina Inork ez Ninduen mugitu — Mareak

Nire Zapata apalak estali arte —

Mantala ere estali — Gerrikoraino —

Eta Gerruntzea ere estali — arte —

 

Ni irenstekoak egin zituen —

Hala nola ihintzak

Txikori belarra —

Orduan — Ni ere — hasi nintzen oinez —

 

Eta Hark — Hark jarraitu zidan — hurbiletik —

Zilarrezko haren orpoa nabaritzen nuen

Nire orkatilan — eta gero nire oinetakoetan —

Perlez gainezka eginez —

 

Harik eta Hiri Irmora iritsi ginen arte —

Non hark ez bide zuen inor ezagutzen —

Eta niri diosala eginez — Jaun airez —

Itsasoak atzeraka egin zuen —