Poesia kaiera
Poesia kaiera
Emily Dickinson
itzulpena: Angel Erro
2014, poesia
64 orrialde
978-84-92468-60-7
Emily Dickinson
1830-1886
 
 

 

128 (140)

 

Arrastiria ekardazu kopa batean,

Goizaren pitxerrak zenbatu egizkidazu

Eta haietarik ihintzeko zenbat diren konta,

Esadazu goizak noraino jauzi egin duen —

Esadazu zer ordutan lo egiten duen

Urdinaren zabala ehuntzen duen ehuleak!

 

Abar liluratuen artean

Birigarroaren estasi berrian

Idatz egidazu zenbat nota dauden —

Dortokak zenbat bidaia —

Zenbat kopa partitzen dituen

Zukuaz lizun erleak!

 

Eta ostadarraren zutabeak nork jaso dituen,

Eta esfera otzanak nork gidatzen dituen

Urdin malguaren zumeetan barna?

Noren eskuek josten dituzte estalaktitak?

Nor arduratzen da gauaren girgileriaz

Apaingarririk ez dadin falta?

 

Etxe Garden hau nork eraiki zuen

Eta nork bertako leihoak zarratu

Nire gogoak deus ez ikusteko moduan?

Nork utziko dit festa egunean ateratzen,

Arrandia iragankorra,

Urrunera hegaldatzeko tresneriarekin?