Asia
Ederra da ur-bazterrean bizitzea.
Lurretik hain gertu igarotzen dira ontziak,
eskua luzatu eta bertan
hazten diren sahatsetako bati adar puska ken
diezaioke edonork. Aske dabiltza zaldiak
uretatik gertu, hondartzan lasterka.
Gizonek kapritxoa izatera, kareletik lazoa
lepora jaurti eta zaldietako bat
ekarri ahalko lukete ontzira.
Konpainia premia balute ere,
Ekialderako bidaia luzean.
Terrazatik irakur ditzaket
zaldiei, zuhaitzei eta solairu biko etxeei
so dauden gizasemeen aurpegiak.
Badakit zer darabilten buruan
auto gorria atarian aparkatutako norbaitek
terrazatik diosal egiten dienean.
Hari begiratuta zorioneko
sentitzen dira. Halabeharraren gozoak,
pentsatzen dute, Asiarantz doan
ontzian jarri ditu. Biltegietan, zamaketari,
badaezpadako lanetan emandako urteak
edo portuan denbora-pasa nagian igarotakoak,
ahazturik dauzkate jada. Hori guzti hori
beste norbaiti gertatu zitzaion, gazteagotan,
sekula inori gertatzekotan.
Gizonek kareletik
besoak astinduz itzultzen dute agurra.
Geldirik daude, eskudelari helduta,
ontzia uretan leun irristatu ahala. Zaldiak
zuhaitzen petik atera eta eguzkitara inguratu dira.
Zaldien estatuak dirudite hor zutik.
Joanean doan itsasontziari begira.
Olatuak lehertzen dira ontzi-kontra;
berdin hondartzan. Eta zaldien
gogoan, non
beti den Asia.