Posta
Lan-mahaian, semearen postal bat,
Frantzia hegoaldetik igorria. “Midi”,
hala deitzen dio berak. Urdina zerua. Ederrak etxeak
begoniaz mukuru. Edonola ere,
erreka jotzear dago, sosa
behar du lehenbailehen.
Postalaren ondoan, alabaren
gutuna, esanez bere gizon
abiadurazalea
egongelan moto bati puskak
kentzen dabilkiola.
Olo-ahia baino ez ei dute jaten,
berak eta umeek. Jainkoarren,
lagunduko ahal dio norbaitek!
Hortxe amaren eskutitza ere;
gaixotuta dago, burua galtzen ari da.
Kontatzen dit jada ez daukala
luzerako. Ez al nioke lagundu nahi
azken lekualdaketa hori egiten?
Ezingo ote nioke ordaindu
izan dezan etxe bat berarena?
Kanpora noa. Osteratxoa ematekotan,
hilerriraino, lasaitasun bila.
Baina zerua makur dago.
Gizen datoz lainoak, iluntasunak
puztuta, leher zorian.
Atarira inguratueran narrasti
aurpegia dauka postariak,
distiratsua eta uzkurra.
Eskua atzeratu du, kolpatzeko bezala…
Heldu da posta.