Behatzak
Oin hauek ez didate arazoa
besterik ekarri. Oinbularra,
arkua, orkatila. Badiotsuet ba,
mingarria dela ibiltzea. Baina
bereziki behatzek
kezkatzen naute. “Luzapen
terminalak”, halaxe
deitzen baitzaie. Egia latza!
Bainuontziko ur berotan edota kaxmirrezko
galtzerdietan buruz behera sartzea
besterik ez dute desio.
Kaxmirrezko galtzerdiak edo txinalak, zapatak…
Kategoriako bendak… denak nahi,
hatz ergelok. Logaletuta daude,
deprimituta, norbaitek Thorazinaz
galkatu balitu bezala. Konkordun,
zorabiatu, mutu… Badira ba gatzgabe,
bizi bako! Zer arraio gertatu zaie?
Ze behatz mota da hain axolagabea den hori?
Behialako behatz berberak al dira zinez? Ahaztu al dituzte
aspaldiko kontuak, bizirik zeuden sasoikoak?
Beti prest, ilaran lehenbizikoak
irrikaz musika hasitakoan dantzara jauzi egiteko.
Beti gertu fandangorako.
Eta begira orain. Ez, hobe ez begiratzea.
Ez dituzu ikusi ere egin nahi, bare lodien gisako,
nekez eta kostata gogora ditzakete garai zaharrak,
sasoi zoriontsuak. Garai haiekin lotura
guztiak eten eta zerotik hasi
nahi lukete, beharbada.
Lurpera alde egin, bakarrik bizi,
Yakima bailarako landetxera erretiratu.
Garai batean zetorrena aurreikuste hutsez
tinkatzen ziren, plazerak kurbatzen zituen
probokazio ezdeusenarekin,
aski zen edozein txikikeria:
zetazko soineko baten laztana
eskuko hatzetan, demagun.
Ahots tonu egokia, igurtzi bat
garondoan, edota
ezarian zetorren begirada. Edozer!
Deslotuak diren gantxoak,
gerruntzeak solte, jantzien hotsa
egurrezko zoru hotzera erortzen…