Buiatxoa
Columbia ibaian, Vantagetik hurbil,
Washingtonen, negu sasoian esturioietan:
nire aita, Sweed —Lindgren jauna—
eta hirurok. Gerri parean lotutako txirrikak erabiltzen
zituzten haiek, arkatz baten luzerako berunak,
euli gorri, hori edo nabarrak, zizareak amuko gisa.
Apartatu nahi izaten zuten eta zabalgunean ipini,
ur-lasterraren ertzeraino hurbildu.
Ertzetik gertu arrantza egiten nuen nik,
kanabera ziztrinari buia ttipia lotuta.
Aitak bizirik eta epel
mantentzen zituen zizareak beheko ezpainean.
Lindgren jaunak ez zuen edaten.
Orduan gehiago gustatzen zitzaidan bera aita baino.
Autoa gidatzen uzten zidan, beti nire goitizenaz
txantxetan —“Junior”—, esaten zidan ez ahazteko egun haiek,
gizon peto bilakatuko eta arrantzara
eramango nuela nik ere noizbait neure semea.
Baina funtsean aitak arrazoi zuen.
Isil-isilik, ibaiari begira,
mihiari eraginez, beitarekin hausnarrean.