Poesia kaiera
Poesia kaiera
Raymond Carver
itzulpena: Harkaitz Cano
2020, poesia
64 orrialde
978-84-17051-56-3
Raymond Carver
1938-1988
 
 

 

Zerbait ari da gertatzen

 

Zerbait ari zait gertatzen

zentzumenei kasu egitera

ez da huskeria

loturik naukana antza

betiko azala da

ideia aratzak grina anbizioa

zakila garbi eta osasuntsu

kosta lain kosta

baina oinak hasi zaizkit

haiei buruz istorioak kontatzen

harreman ezberdina ei dute orain nire

eskuekin bihotzarekin ilearekin begiekin

 

Zerbait ari zait gertatzen

ahal banu galdetuko nizuke

antzekorik nozitu duzu inoiz?

baina hain urrun zaude

gaur gauean ez dut uste

entzungo didazunik gainera

ahotsa ukituta daukat

 

Zerbait ari zait gertatzen

ez harritu baldin

edozein egunetan goizean goizetik jaikita

Mediterraneoko eguzki peto honen pean

niganantz jiratzean

emakume bat topatzen baduzu nire ordez

edo okerrago

ile zuriko gizon arraro bat

poema bat idazten

jada esaldirik josi ezin duen norbait

ezpainak mugitzen dituena soilik

ezinean zuri

zerbait esan nahian.