Poesia kaiera
Poesia kaiera
Raymond Carver
itzulpena: Harkaitz Cano
2020, poesia
64 orrialde
978-84-17051-56-3
Raymond Carver
1938-1988
 
 

 

Suitzan

 

Zurichen egin beharreko lehen gauza:

bosgarren tranbia hartu, zoorantz doana,

eta azken geralekuan jaitsi. Esan ziguten zerbait

lehoiei buruz. Nola haien orroak

zooko esparruan gaindi heltzen diren

Fluterneko hilerriraino.

Han, osteratxoa eman,

James Joyceren hilobira doan

bidezidor zoragarrian.

Familia gizona bera, hemen datza,

nola ez, Nora emaztearekin. Eta semea,

Giorgio, duela urte gutxi hila.

Lucia alaba —zenbat burukomin—,

bizi da oraindik, psikiatriko batean.

Aitaren heriotzaren berri

eman ziotenean, zera esan zuen:

Zertan ari da lurpean ergel hori?

Noiz aterako da behingoz?

Gu zelatatzen ari da denbora guztian.

Parez pare egon nintzen tarte batez. Uste dut

zerbait esan niola bozgora Joyce jaunari.

Derrigorrez, nik uste. Badakit esan niola.

Baina ez dut gogoan zer,

beraz, horretan lagako dugu.

 

Astebeteren buruan abiatu ginen

Zurichetik trenez, Luzernara.

Egun hartan goizean goizetik hartu nuen

berriro 5 zenbakia duen tranbia,

azken geralekuraino.

Lehoien orroa goian-behean

hilerrian, aurrekoan bezala.

Belarra moztu berri,

zigarro bat erretzera eseri nintzen.

Ederki egoten zen han,

hilobi ondoan. Orduko hartan

ez nuen deus esateko premiarik sentitu.

 

Gauez jokoan ibili ginen Grand Hotel Casinoko

mahaietan, Luzerna laku ertzean.

Striptease saiora joan ginen gero.

Baina zer egin ikuskizunaren erdian,

eszenatokiko argi arrosa zurbilaren pean

burura zetorkidan hilobiaren

oroitzapenarekin?

Ezin ezer egin.

Eta geroxeago beste guztia

olatu batek bezala

paretik ezkutatu zidan desirarekin, zer egin?

Banku batean eseri ginen

ezkien azpian, izarren pean.

Maitasuna egin genuen.

Arropen azpian elkar bilatuz.

Lakutik pauso gutxitara.

Ondoren, eskuak murgildu genituen

lakuko ur hotzetan.

Atzera hotelera gero,

pozik eta nekatuta, zortzi ordu

lo egiteko gertu.

 

Gu denok, oro bat, gu denok,

geure betiereko arimak

salbatu nahian, nor bere kasa,

itxuraz zein baino zein

misteriotsu eta bihurriago…

Ongi pasatzen ari gara hemen. Esperantza badugu

guztia aurki errebelatua izango ote zaigun.