Idazluma
Egia esaten zuen idazluma
garbigailura joan zen,
beretzat kalte. Handik aterata,
ordubete geroago, lehorgailura
xuxen, bakeroekin eta alkandora
rockabilly batekin nahasian. Egunen buruan,
idazmahaian zetzan isilik
leihopean. Hantxe,
bereak egin zuelakoan.
Bere buruan fede izpirik gabe.
Borondaterik ez aurrera segitzeko,
ezta nahita ere.
Baina goiz batez, egunsentia baino
ordubete lehenago edo, berpiztu
eta idatzi egin zuen:
“Zelai hezeak ilargiaren pean lo”.
Amore eman zuen berriz,
bizitza honetako zeregina
akabura heldu zitzaiolakoan.
Astindu eta zartako bat eman zion
mahaiaren kontra. Gero, etsia hartu zuen,
edo kasik. Oraindik ere
berealdiko ahaleginez, azken hondarrak
ateratzeko adorea bildu zuen,
hauxe idazteko:
“Haize arina, eta zuhaitzak kulunkan
leihoz bestalde, goizeko aire urrekaran”.
Saiatu zen beste zer edo zer idazten,
baina hori izan zen guztia. Idazlumak
uko egin zion lanari.
Beheko suan amaitu zuen,
zabor artean. Denboragarrenera,
beste idazluma bat etorri zen, arrunta zeharo,
bere burua zaildu gabea oraindik,
gaingiroki idatzi zuena:
“Adarretan pilatzen da iluntasuna.
Barruan geratu. Zaude geldirik”.