Poesia kaiera
Poesia kaiera
Raymond Carver
itzulpena: Harkaitz Cano
2020, poesia
64 orrialde
978-84-17051-56-3
Raymond Carver
1938-1988
 
 

 

Zoriona

 

Hain goiz, kanpoan apenas den argirik.

Kafea eskuan, leiho ondoan jarrita,

pentsamendu izatera ailegatzen ez diren kontuak

esnatu berriaren buruan.

Mutikoa eta haren laguna ikusi ditut

kalean gora

egunkariak banatzen.

Kapelak eta jertseak soinean,

lepotik zintzilik darama batek poltsa.

Hain zoriontsu dira

ez baitute fitsik esaten, mutiko horiek.

Haiengatik balitz besotik helduta

ibiliko lirateke.

Elkarrekin egiten dute lan,

goizean goizetik.

Badatoz, poliki-poliki.

Ostertza ari da argitzen,

ilargi zurbila, artean, ur gainean zintzilik.

Hain ederra da unea, heriotzak eta anbizioak,

maitasunak are, ez baitute lekurik hemen.

Zoriona. Ezustean

heltzen da. Eta haratago doa

jaiki berritan hari buruz

esan zenezakeen beste edozer baino.