Poesia kaiera
Poesia kaiera
Raymond Carver
itzulpena: Harkaitz Cano
2020, poesia
64 orrialde
978-84-17051-56-3
Raymond Carver
1938-1988
 
 

 

Urak beste ur batzuk besarkatzen dituen lekuan

 

Maite ditut errekastoak, haien hotsak.

Belaze eta soilguneetako ur xirripak,

erreka bilakatzeko xantzaren zain.

Miresten ditut, bereziki, haien izaera

sekretuagatik.

Ia ahaztu dut sorburuarena aipatzea!

Zer da iturburua baino zoragarriagoa?

Erreka zabalek ere gogobetetzen naute.

Korronteek, ibaietan isurtzen direnek.

Ibaien ahoek, itsasorantz zabaltzean.

Urak beste ur batzuk besarkatzen dituen lekuak.

Tinko iltzatuta dauzkat leku sakratu horiek nire buruan.

Baina kostaldeko ibaiak…

Zenbait gizonek zaldiak edo emakume xarmantak

maite dituzten eran maite ditut.

Debilidadea dut

ur laster eta azkar horiekiko.

Haiek atzemate hutsarekin odola bizkortu

eta oilo ipurdia jartzen zait.

Ordu luzez egon naiteke eserita ibai horiei begira.

Ez daude bi elkarren berdinak.

45 urte dauzkat.

Sinetsiko lidake norbaitek esango banio

35 izan nituela inoiz?

35 urte nitueneko bihotz huts eta agor hura!

Bost urte behar izan zituen

berriz punpaka hasteko.

Nahi adina denbora hartu nahi dut gaur arratsean

ibai ertzeko txokoa utzi aurretik.

Maite ditut maite erreka kuttunok.

Maite, iturbururainoko itzuleran.

Maite dut, nire barruan hazten doan oro.