Pipa
Idazten dudan hurrengo poeman
sutarako egurra pilatuko dut erdi-erdian,
hain erretxina lodiz estalitako egurra ze
lagunak eskularruak erantzi eta esango didan:
“Jantzi hauek egur horiekin habilenean”.
Hurrengo poeman gaua sartuko dut,
eta Mendebaldeko Hemisferioko izar guztiak;
eta ur multzo alimalekoa ere bai
milia luzetan ilargi betearen distira isla dezan.
Hurrengo poeman logela bat sartuko dut
eta egongela bat bere argi-zuloarekin,
sofa bat, mahaia eta aulkiak leiho ondoan,
bazkalordua baino ordubete lehenago
bildutako bioletak pitxer batean.
Su-lanpara bat piztuta, nire hurrengo poeman;
erretxinatan blaitutako izei puskak tximinian
bata bestea kiskaltzen.
Txinpartak aterako zaizkio, bai horixe!
Baina ez da zigarro bakar bat izango
nire hurrengo poeman
pipan erretzen hasiko naizelako.