Ilea mozten
Hainbeste gauza gertagaitz jazo dira
dagoeneko bizitza honetan… Emazteak prestatzeko
eskatu dionean ez du birritan pentsatu:
ilea moztuko dio oraintxe.
Goiko gelako aulkian eseri da,
tarteka txantxetan “liburutegia”
esaten dioten gela horretan. Leiho bat du
argi iturri. Bere oinen inguruan
egunkari paperak zabaldu dituzte, elurra ari du
kanpoan, goian-behean. Xukadera handi batekin
inguratu dizkio sorbaldak. Guraizeak,
orrazia eta zepiloa hartu ditu.
Biak bakarrik dauden lehen aldia da
aspaldiko partez —ez batak ez besteak
inora joateko premiarik gabe, zereginik gabe.
Ez du kontatzen, jakina,
elkarrekin ohera sartzeko uneak. Intimitate horrek.
Edota gosalorduak, beste
intimitate bat. Isiltasunari eta norbere
burutazioei eusten diete ilea moztu bitartean;
orraztu ondoren, segi apur bat gehiago mozten.
Elurrak atergabe darrai. Laster, argiak martxa
egingo du leihotik. Gizonak beherantz begiratu du,
galduta eta pentsakor, egunkari orrietan
zerbait irakurri nahian. Emakumeak diotsa:
“Altxa burua”. Hala egin du.
Eta gero: “Ea zer deritzozun”. Ispilura
inguratu da: primeran dago,
berari gustatzen zaion moduan.
Halaxe esan dio.
Geroxeago, etxe atariko
argia piztu eta xukadera kanpoan astintzean,
kizkurrak eta ile-xerlo zuri zein ilunak
elur artean hegan barreiatzen ikusi dituenean,
zerbait ulertu du: gizon
heldua dela jada egiaz, adin ertaineko
gizona. Mutikotan aitarekin
bizarginarenera joaten zenean,
edo geroago, nerabetan, nola
imajinatu ahalko zuen, bada, bizitzak
noizbait pribilegio hura emango zionik,
emakume zoragarri batekin bidaiatu
eta harekin lo egin eta gosaria konpartitzekoa?
Ez hori bakarrik: arrats isil hartan ilea
moztuko zion emakume bat
elurrak estalitako hiri ilun batean,
non eta, abiatu zen lekutik 3000 miliatara.
Emakume bat, mahaiaren bestaldetik begiratu
eta esango ziona:
“Baduzu garaia barberoaren aulkian
esertzeko. Bada garaia norbaitek
ilea moztu diezazun”.