Poesia kaiera
Poesia kaiera
Raymond Carver
itzulpena: Harkaitz Cano
2020, poesia
64 orrialde
978-84-17051-56-3
Raymond Carver
1938-1988
 
 

 

2020. urtean

 

Gutako nor geratuko ote da

zahar, nahastuta, zalantzati…

baina amorratzen

geure lagun hilei buruz mintzatzeko?

Tantarik tanta berriketan, txorrota zahar bat bezala.

Halako moduz non gazteak

begirunez eta jakin-min zirraragarriz

aztoratuta sentituko baitira

aletzen ditugun oroitzapenekin.

Izen hau edo beste hura, elkarrekin

egin genuena aipatze hutsa aski

(geu ere begirunez eta jakin-minez

hunkitzen baikinen

gure aurretik hil zen jende ilustreari

buruzkoak entzutean).

Gutako nori buruz esango diete haiek lagunei

“Halako eta halako ezagutu zituen,

urliaren laguna zen…

Elkarrekin ibiltzen ziren,

itzelezko festa hartan egon zen…”.

Han ez zela inor falta. Egunsentira arte

luzatu zirela parranda eta dantzaldia.

Besoekin elkar inguratu eta dantzan harrapatu zituela

lehen eguzki printzak.

Orain hilak dira guztiak.

Gutako nori buruz esango du inork

berak ezagutzen zituela? Bostekoa eman ziela,

besarkatu egin zituela, haien etxe abegikorretan

geratu zela lotan. Maite izan zituela!

 

Adiskideok, maite zaituztet, benetan.

Zorte hori, pribilegio hori izango ahal dut

lekukotasuna emateko…

Sinets iezadazue, zuei buruz eta elkarrekin

pasa genituen egunei buruz

pasadizo loriatsuenak baino ez ditut nik kontatuko!

Bizirik geratzen denak ere nonbait ipini behar

bere irrika. Zahartu ahala,

gauza guztiak eta lagun guztiak

galdu ahala.