Autopsia gela
Gazte nintzen gazte, hamar gizonen pare.
Edozertarako gai, ustez. Gaueko txandako zeregina
auzitegi-medikuak lana burutu ondoren
autopsia gela garbitzea bazen ere, bost. Desorduetan
amaitzen zuten beti: gaur goizegi, bihar beranduegi.
Laguntzeagatik edo, bistan lagatzen zituzten gauzak,
apropos eraikitako mahai hartan. Haur jaioberria,
arroka baino geldiago, elurra bezain hotz.
Edo ile zuriko gizonkote beltza,
bularra parez pare zabalik, bihotza eta birikak
buru pareko azpilera aterata. Ur-mahuka
turrustan beti, sabaiko argia itsugarri.
Eta, halako batean, zango bat, emakume zangoa,
mahai gainean luze… Zango zurbila eta ongi biribildua.
Garbi dago zertarako den. Ikusi izan nituen lehenago.
Eta, halere, arnasa eten zidan.
Ilunabarrean, etxerakoan, emazteak:
“Laztana, dena ongi aterako da. Aldatuko dugu
bizitza hau beste baten truke”. Baina ez zen
horren erraza. Sofan begiak itxita etzatean
esku artean estutzen zidan nirea. Auskalo
non neukan burua. Utzi egiten nion
nire eskua bere bularrean ipintzen. Batek daki noiz
zabalduko nituen begiak sabaira edo
zorura. Ene hatzak emaztearen zangoan galduta.
Zango epela eta ongi biribildua, ukiturik arinenarekin
zirkin egin eta sotilki altxatzeko gertu.
Baina gogoa nahasita neukan, kolokan.
Deus ez zen gertatzen ari. Denetik gertatzen ari zen.
Bizitza harri bat zen, higatu ahala zorrozten.