Poesia kaiera
Poesia kaiera
Raymond Carver
itzulpena: Harkaitz Cano
2020, poesia
64 orrialde
978-84-17051-56-3
Raymond Carver
1938-1988
 
 

 

Neska sentibera

 

Lau egun daramatzat hemen.

Baina ez da txantxa, ni baino lehenagotik

dago armiarma hori kristalean. Mugitu ez arren,

badakit bizirik dela.

 

Bailaratan barrena datozen argien ederra.

Polito egoten da hemen, lasai.

Badaramate ganadua etxerantz.

Erne egonez gero, entzun nitzake zintzarriak,

behizainaren akuilukadak. Lanbroak ezkutatu

ditu Suitzako muino koskatsuak.

Etxepean, ur-lasterra haltzen artean,

zurrustaka eta jauzika,

gozo eta itxaropenez beterik.

 

Sasoi hartan

maitasunez hiltzear izan nintzen.

Bukatu da hori. Erdigune hark

ez nau jada eusten.

Amildu egin zen. Ez dario jada

argirik batere. Haren orbita,

orbita akitua da. Jakin nahi nuke orduan

zergatik arduratzen nauen garai hark hainbeste.

Nork gogoratu nahi du

miseria eta zoritxarra ate-joka ziren garaia,

polizia atezuan, nagusikeriaz dena narrasten?

Kisketa emanda egoteak

ez zuen orduan inor gerarazten.

Aizu, sasoi hartan inork ez zuen lasai arnasa hartzen.

Berari galdetu, sinesten ez badidazu.

Neska hori topatu

eta hitz egin dezan lortzen baduzu, behintzat.

Amets egin eta abesten zuen neska hura. Batzuetan

amodioa egitean ahapeka kantatzen zuena. Neska sentibera.

Egun batez pitzatu egin zen berbera.

 

Gizon heldua naiz orain; orduan, tira.

Zenbat denbora geratzen zait, beraz?

Zenbat geratzen zaio armiarmari?

Nora joango da, udazkenerako bi egun falta direnean,

hostoak jada adarretatik askatzear?

 

Ganadua saroian bildurik,

akuilua daraman behizainak besoa altxatu

eta langa jaitsi du.

 

Isilune perfektua nire inguruan, azkenik.

Gutxi geratzen den jakitun.

Maitatu behar dudan jakitun.

Maitatzeko desioz. Baldin gu bion

xede ona beteko bada.