Poesia kaiera
Poesia kaiera
Raymond Carver
itzulpena: Harkaitz Cano
2020, poesia
64 orrialde
978-84-17051-56-3
Raymond Carver
1938-1988
 
 

 

Berari galdetu

 

Gogo txarrez, semeak nirekin

zeharkatu ditu Montparnasseko hilerriko

altzairuzko ateak.

“Parisen egun bat izan eta horrela xahutzea ere!”,

esan nahi luke. Esan egin du, egiaz.

Frantsesa badaki. Hizketan ari da

bere burua gidari informal gisa eskaini digun

ile zuriko zaindariarekin. Motel goaz

hirurok, hilobia hilobiari, lerrorik lerro.

Hementxe daude denak, itxuraz.

 

Giro isila eta beroa, Pariseko harrabotsa

ez da honaino heltzen. Zaindariak urpekontzia

asmatu zuen gizonaren eta Maurice Chevalierren

hilobietara eraman nahi gaitu. Eta 28 urte

zituen kantari batenera, Nonnie,

arrosa gorri pilo batekin estalia.

 

Idazleen hilobiak bisitatu nahi ditut nik.

Hasperen, semeak. Ez luke halakorik ikusi nahi.

Nahikoa izan du jada. Asperkeriaren mugak gaindituta,

etsia hartu du. Guy de Maupassant; Sartre; Sainte-Beuve;

Gautier; Goncourtarrak; Paul Verlaine eta haren kamarada kuttuna,

Charles Baudelaire. Hortxe, geldialdia.

 

Izen hauek, hilobi hauek, zerikusirik ez

semearen eta zaindariaren bizitza kezka gabeekin.

Firin-faran ari dira elkarrekin txantxetan,

frantsesez, eguzkiak goxaturik.

Hainbat izen daude Baudelaireren hilarrian zizelkatuta,

eta ez dut ulertzen zergatik.

 

Charles Baudelaireren izena, dirua mailegatu

eta bizitza osoan bere osasunaz arduratu zen amaren

eta aitaorde larderiatsuaren izenen artean dago,

elkar ikusi ezin zuten arren semeordeak eta biek,

poetak bere aitaordeak defendatzen zuen oro gorrotatuagatik.

“Lagunari galdetu”, esan diot semeari. Eta berak, galdetu.

Biak aspaldiko adiskideak balira bezala,

eta ni, haiek dibertitu beharreko norbait.

Zaindariak zerbait esan eta eskua

jarri du eskuaren gainean. Horrela. Eta berriro

berdin. Esku bat bestearen gainean.

Irribarrez. Sorbalda altxatuz.

Semeak itzultzen dit dioena. Baina ulertu egin diot.

“Sandwich bat balitz bezala, aitatxo”, dio semeak. “Baudelaire sandwicha”.

 

Oinez jarraitu dugu hirurok.

Zaindariak ez du jada ganorarik erakusten.

Pipa piztu du. Erlojua begiratu. Bazkaltzeko

ordua du kasik, basoerdia hartzekoa.

“Galdetu”, esan diot, “hilerri honetan

lurperatua izan nahi ote duen hiltzean.

Galdetu non izan nahi duen lurperatua”.

Semea edozer esateko gai da.

Baina tombeau eta mort hitzak

bereizi dizkiot ahoan. Zaindaria tupustean geratu da.

Ezagun da beste zerbait zuela buruan:

urpeko batailak, music hall-a, zinema.

Mokadu bat, basoerdia.

Ez gorputzaren hondamendia. Ez erorialdia.

Ez suntsipena. Ez bere heriotza.

 

Zorrotz begiratu digu. Batari lehenbizi, besteari gero.

Adarra jotzen gabiltza, ala? Txantxa astun bat egin nahian?

Adio esan eta badoa.

Kafetxe bateko terrazan mahai bat bilatzera.

Txapela kendu eta ilea haztatu ahalko duen

txoko batera. Barreak eta ahotsak entzutera.

Sardeska-labanen hotsak. Edalontzien

txin-txina. Eguzkia leihoetan.

Eguzkia espaloian eta hostoetan.

Eguzkia bere mahairaino bide egiten.

Bere edalontzira. Bere eskuetara.