Ardoa
Alexandro Handiaren bizitza irakurtzen;
Alexandro, zeinaren aita Filipo zakarrak
Aristotelesen zerbitzuak ordaindu baitzituen
bere ondorengo gerlari gaztea leziatu
eta haren sorbalda leunak biribil zitzan.
Geroago, Pertsiarako kanpainara bidean,
belusez forratutako kutxa batean Iliadaren ale bat
zeraman Alexandro berbera, hain kuttuna
baitzuen liburu hura! Kuttun zituen ber gisan
borroka eta ardoa. Eta iritsi zitzaion bizitzako parranda
gau luzearen ondotik, ardoz hordituta
(mozkorrik latzena, ahazten ez den bestondo horietakoa),
Pertsepolis, Pertsiar Inperioko hiriburua
—Alexandroren garaian ere jada antzinakoa zena—
kiskaliko zuen lehen zuzia jaurtitzeko eguna…
Lurrarekin berdindu zen hiria. Gero, jakina,
goizalban —apika hiria artean sugarretan—
damu arrastoak izan zituen. Baina zerikusirik ez
hurrengo arratsaldeko damuekin alderatuta:
euren ezadostasunak itsuski aletzen ari zirela,
Alexandrok, bizarra egin gabe eta aurpegia
ondu gabeko hainbeste ardoz gorrituta,
balantzaka zutitu, lantza bat hartu
eta bularra zeharkatu zion Granikon behiala
heriotzatik libratu zuen Kleto adiskideari.
Hiru egunez egin zion negar, erostari. Jateari uko.
“Gorputzaren eskeei ere uko”. Promes, halaber,
betirako utziko zuela ardoa
(ezagunak zaizkit promesa horiek eta haiekin
datozen arrangurak).
Esan gabe doa, bere soldadu bizitza bertan
behera geratu zen: Alexandrok atsekabea
besarkatu zuen. Baina hiru egun horiek igaro zirenean,
sargoria hildako lagunaren gorpuan
zegozkion zergak biltzen hasi ahala,
zerbait egin behar zuela ulertarazi zioten.
Txukundu, lo-denda utzi, Homeroren alea hartu eta
korapiloa askatuta orripasan hasi zen. Azkenik, Patroklorentzat
xedatutako hileta erritu berberak
ezarri zituen Kletorentzat: despedidarik onena nahi zuen.
Eta errituak agindu legetxe txondorra sutan zela,
eta edontzietan ardoa eskurik esku, orduan zer?
Horixe baietz, zer uste zenuten, bada?
Konortea galdu arte edan zuen
Alexandrok. Arrastaka eraman behar
izan zuten dendara. Lepoan hartuta
sartu zuten bere ohean.