Poesia kaiera
Poesia kaiera
Raymond Carver
itzulpena: Harkaitz Cano
2020, poesia
64 orrialde
978-84-17051-56-3
Raymond Carver
1938-1988
 
 

 

Medikuak esan zuena

 

Esan zuen ez zuela itxura onik

esan zuen txarra zuela benetan

esan zuen hogeita hamabi zenbatu ditut birika bakarrean

eta utzi egin diot kontatzeari

esan nion pozten naiz ze ez nuke jakin nahi

horiek baino gehiago ote dauden

esan zidan sinestuna bazara belaunikatu basoan

eta erregutu laguntza

ur-jauzira heltzen zarenean

lanbroa txistuka aurpegian lanbroa txistuka besoetan

geratu han une batez buru-argitasuna baletorkizu ere

esan nion ez naiz sinestuna baina gaur has naiteke

esan zuen benetan sentitzen dut

nahiago nuke berri hobeak banitu

esan nuen amen-amen eta berak zerbait murduskatu

nik ulertu ez nuena

eta ez nekienez zer gehiago egin eta ez nuenez nahi

albistea erabat liseritu edo berak gauza bera birritan esatea

hantxe geratu nintzaion begira une batez

eta bera ere berdin isilik niri begira harik eta

jauzi batez zutitu eta bostekoa luzatu nion arte

bizialdi honetan sekula beste inork

eman ez didan albistea eman zidan gizonari

litekeena da eskerrak eman izana ere

ohituraren poderioz.