POSTA KUTXA
gutuna igorri berri diot preso lagunari,
hogeitaka urte daramatza gatibu
ez dakit zehazki zergatik ari den
horren kondena eternoa betetzen,
uste dut berak uste duela nik uste dudala
inor kaltetuko zuen zerbait gogorra egin zuela
bere herriaren alde,
eta justizia etsaiaren horma beti hor zegoela zain
askotan galdekatzen naute gauzek:
saxofoi baten ilegurizko bilgarria
maskara higienikoak ur zikinetan
bide ertzeko ogi birrinak,
badira ordea herio eldarniotan ere
egin ezin diren itaunak
ez dakit ezer baina
beharbada norbait hiltzea
edo larri zauritzea egotziko zioten
beharbada galera handiak eragingo zituen
inoren ondasunetan edo osasunean, ez dakit
hala ere ez dut uste etxera osorik iristen bada
horri buruz hitz egingo dugunik inoiz
jakin denok dakigu esklaboak daudena
gu bizi garen kalean
denok dakigu poliziak abusatu egiten duela,
bortxak gainezka egiten du
sukalde eta logeletan lantokietan,
haatik ez dugu aipatu nahi izaten non hasi zen dena
eta horrelako gauzen gainean
labainka doa gure bizialdia
kutxa horiko aho zuloan sartu dut gutuna,
uste dut berak uste duela nik uste dudala
hor nonbait badela oraino gu bion neurriko
paperezko herri bat