POZAREN GELAXKA
leihotik sartu eta eskuak
marraztu ditu horman,
argia margolari paleolitikoa da;
abao-gelaxka hauek
eguzkiak berotu ditu,
udaberriak atarian
eratua dauka
atseginen lilitegia
ez dago aukerarik
geure buruarengandik
urrutira joateko ihesi,
aro berriaren egutegia
asmatzeko dago,
hala ere mendebaleko
gailentasun morala tarteko
2020ko martxo hau
etxe barruko
festa handi bat ez al da
zure gorputz atalak
gizateriaren ondare
izendatutakoan
geografia eta historia
eskolak hartuko ditut,
aise antzemango dira
negatibo faltsuak
zorion probetan
mundu zahar baten
amiltzearen lekuko naiz,
irekiko ote dira berriz
zinema aretoak
hegazkin biltegietan
ikusiko al dugu elkar
aspaldiko hitz hauetatik
zenbatek balioko dute
hurrena uki nazazunean
atseginen lilitegia eratu du
udaberriak atarian,
eta gu beste gauza batzuetan
gabiltzan bitartean
sekula ezagutuko
ez dugun jendea
gure alde ari da lanean