AZKEN LAN EGUNA
haize hau hegokoa edo iparra den
igarri ezinean nabil,
haizeak jendea darama abailan
gauaren argia
goizaren itzalak
honaino heldu naiz:
ez dut inoiz garbi jakin non nengoen
bai noren ondoan ordea
samurra izan da porrot hau,
beharrezko jotako borrokak
euren lokatz eta sasiz
maiteminduta nago
eta jakin nahi dut zeren,
horretan izan da hemengo askoren ekina
oraindik ez dakigun zerbaiten alde
ematea ia dena
azken bider miatu dizkiot egunari ertzak:
gauza ederren akordua
amaraun hariak
ezin antzeman diot
non jartzen nauen
eman ez dudan guztiak
bertan egon ez naizen
bihotz haien guztien taupaden durundiak
maiteminduta nago:
haizeak abailan darama jendea
gauaren argia
goizaren itzalak
baliteke gurea ere
aski ikertu gabe ahaztuko den
kasu bat izatea