UDAZKENA
ez dira joan oraindik enara txikiak,
denboraren gurpilak herrarik gabe
irensten dihardu egunak eta jendea
lagunak kafearen bueltan esan dit
gerta daitekeela gainsaria baina
lau urterako bizia agindu ziola medikuak
—hori omen da enfisemak gordea dion epea—
nire logikaren ardatza doi bat pitzaturik
sekula ez garela gehiegi hurbildu
geure buruaz espero genuena izatera
erantzun diot,
denon onerako gazteengan
areago pentsatu behar genukeela
haiengan gehiago fida
nora zihoazen jakin barik noizbait
baso itsuetan emandako pauso haiei
nork kendu ote zien lurra
burutapen baikorren kaiera
txorien biribilketan endredatu zait,
duetoa eginez hartu dugu biok barruko arnasa
bale hodeien ederraren miraz
—bertan amiltzeko
beldur zimiko bat entzun da—
hor dabiltza oraindik enara txikiak,
eta kafe hondarrei so ginela
bake iheskorraren landurak suntsitu egin gaitu