ERRENDITZEA
ordenarik gabeko sentimenduek
hormak horitu dituztela jabetu naiz,
biok hemen izatea bada aski zio
itsaso orrolari honengan itxaropena
zeharo ez galtzeko:
harritu egiten nau animaliak
neure ohiko espaziotik at
goitik behera biluzik ikusteak,
gure armairua soinik gabeko
udako soldaduz beterik dago
badira goiz batzuk
kontsumoa balbea bezain
berdinzalea dela eginez
jaikitzen naizena,
eta erasotzat hartu arren
maleten ondoko txindurri ilara
oraintxe bertan
urki hostoen firfirak nauka liluran,
nire denbora uzten dut
eguzkitan azal aldetik erre dadin
egunkariei so txerto gaindosiz
hildakoekin
espekulatzen dudan bitartean
maiz historiaren alde onean
zer dela eta erori garen
azaldu nahirik erotu izan naiz
baina gero hitz abegikorrei
edo luzatu zaidan eskuari zer esan
ez dakidala geratuko naiz,
hala ere oraindik
hamaika bidegabe zuritzeko
baliagarri gertatu ohi zait
diruaren inguruko
pentsamendu magikoa
hoteleko gelan,
bertan nahiko ez genukeen
zeremonia batean bezala
ferekatzen dugunean elkar
behinola atzera egin zuen ozeano bateko
biztanle garela akordatzen naiz