Landura
Landura
2022, poesia
96 orrialde
978-84-17051-92-1
Azaleko irudia: Xabier Gantzarain
Jose Luis Otamendi
1959, Azpeitia
 
2019, poesia
2014, poesia
2007, poesia
2000, poesia
1999, narrazioak
1995, poesia
1990, poesia
1987, poesia
 

 

ARRAZOIAK

 

 

inon badenik ez dakit

gure sasoi hau garbitzeko makina

ez dakit posible den

inor etxerik gabeko

historia batera kondenatzea,

badagoela diogu baina gero

ez da izaten jakirik denontzat

nahikoa badela diogu eta gero

ez daukagu denok arnasteko

behar besteko aire hori,

esklabotza zikin-estalien gainean

jasoa dago ni bizi naizen kalea

hildako umeek sehaskatzen dute

etzaten naizen ohea

 

mugatua da nire maitasunaren

edukiera irismena joa,

ezin ditut neurri berberean

deitoratu krimenak oro eta

goretsi amodio guztiak:

batzuk badira amodioak

lixibak nola

erretzen dizkizutenak begiak gibela,

krimen batzuek aldiz

itsutzeraino argitzen didate oraindik

gau-minetako ortzia

 

ez dakit inoiz jaulkiko den

nire bihotzetik ogia eta hitz doia

ez dakit inoiz lortuko dugun

justiziazko haize bat orokorra,

horrelakorik gertatzen bada ordea

ez gara onik aterako denak:

odolez zikinduta daude

izarrak teilatuak elurraren erroak

 

inor gutxik esaten du baina

nork ez daki

zauri eta mutilazioen txitxiaz

daudela eginak planetak,

eta geure barruan ditugu

gauzak aldatzeko

ekaia palankak piezak,

makina bat makina:

gu geu suntsipen eta

amodio masiboko makinak

ez gara ba

 

badagoela diogu

baina gero ez da izaten

maitasunik denontzat:

giza arrazoiengatik maite dut

bizi naizen sasoia