AURPEGIAK
izukaitz ageri gara
zaparrada epelaren pean,
atertu gabe jaiotzen ari da jendea
baina luze-iritziz nago,
astebete daramat
maiatzaren esperoan
bart ostera bikoitza egin nuen
etxeko geletan,
beti aurkitzen da zerbait berria:
hauts maluten eraketa
argiaren geometria
taupaden kontrapasa
ezin dut etsi banketxeen
publizitate kanpainekin
—ondo-bizien lerroan paratzen gaitu denok—
gero traizioen marra ilunantzak
karranpak eragiten dizkit
artzain elektrikoen antzera
albistegiek mustu dute
krisiaren hurrengo fasearen atalasea,
harriak hondarra zakarrak
baliatuko al ditugu
arrangura gabe
horma artean itotzeko itsustutako aldarriak
zer galdu dugun ez dakit:
gorputz baten beroa
diru piltzar batzuk
agurren ile xerloak
—ez dut laketu nahi
bizi nahi ez dudan bizitza batean—
oso garestia izan behar du
iraultza batek,
horregatik tematzen gara
betiro besterenean,
hala, erratuz gero
ondorioak ez dira hain dramatikoak