Landura
Landura
2022, poesia
96 orrialde
978-84-17051-92-1
Azaleko irudia: Xabier Gantzarain
Jose Luis Otamendi
1959, Azpeitia
 
2019, poesia
2014, poesia
2007, poesia
2000, poesia
1999, narrazioak
1995, poesia
1990, poesia
1987, poesia
 

 

GAUA

 

 

gaua astiro sartu da leihotik,

bagenekien etortzekoa zena

gaur hala ere goizago heldu da:

mozten hasi du eguna

 

guda ere sartu da

berripaperetako etxe askotan,

soldaduak negarrari eman dio

kontrol batean

neskato batek familiarekin

txori kaiola zeramala ikusirik,

atzera itzularazi dituzte denak:

lau haurrak aita-amak txoriak

 

argitu duenean, gauzak

batak bestea ezagutzera jarri dira:

ate baten gerizak koadro biren markoak

ebaki ditu alboz zeharka

espartinek betaurreko parea agurtu dute

giltza sorta batek gau mahaia ez ezik

beste guztiak konbidatu nahi izan ditu

eguzki begian piknik batera

 

itzalean distira anonimoa egin du

komuneko konketa lakatuak,

ur azala kulunka txikian dabil

norbait mintzo delarik beti zulotik,

bertan izan gabe

hona nahiko luketenak dira

edo hemen izanik

hemen nahi ez duenen bat

 

gauak astiro irten du etxetik,

ondoren hasi gara denok

ohiko hurrenkeran sartu eta atera

eta inoren esperantzaren

pozaren eta egitasmoen lapur txikiak

bagina bezala sentitu gara

 

iruditu zait denborak zotin egin duela

eta berekin jende asko zeramala,

hori baina bestelako bortxa

zantzurik gabe ez litzateke

azken orduko berri izatera iritsiko

inongo albistegi seriotan;

sarri nire ahotik mintzo denean

zeru hegiak gezurra dio

 

gaua mozten hasia dago,

badaramatzagu aste batzuk

merkealdietan

 

gero lo hartu dugu