ALIEN
beste norbaiten arropak jantzita nabil
beste norbaiten gosariak egin dit diosala
sukaldeko mahai gainetik,
goizeko hotza ardura orratzez josia
jendearen aurpegian, eta busak ia hutsik
azalduko ez diren gonbidatuentzat kadirak gertu
nahi gabe bezala etorri zait gaudenen eta
ez daudenen arteko balizko enkontruen gero bat,
etorkizunean nago egin dut
ez zait begitandu orain iragan-berriaz oso bestelakoa,
beti gertatzen zait, hasten naiz pogo-dantzan
eta behatzak zapaltzen dizkit denbora futuroak
herio ikusi dut ondoren, eta asalda zedin betarik
eman gabe ni ez serioegi hartzeko eskatu diot
iraganetik natorren begitazio bat naizela,
agian ez gara izango postari traketsak baino
hildakoek noizbait igorri
maitasun mezuak garraio
hainbeste jenderen hitzekin mintzo naizela
hainbesteren orduak egunak gauak bizi izanda
tartean-tartean beste norbaiten soinean
sartuta nabilen bidaztia ez ote naizen sortzen zait
gauza ederra da
pertsona bakoitza behin bakarrik bizi eta
hain muturreko hilezkor izateko aukera