AZKEN GABEKO UHALA
euri pean sartu naiz saltokian
plastikozko eskularru eta musuaurrekoaz
mahaietan tristura ilupa batez arrainak
animalia puska gorriak
—sarraski txipi ordenatu bat—
jende ezaguna neke sakonen
akupuntura saiotik pasa berri bezala
ezer maitatzen jarraitzeko poz doiarekin
—eroria ile zuztar ahantzien antzera—
kronika zaharretatik jaulki eta
behin-behinean iraute soilari emana
flysch tarte etzanetan metatzen dira emozioak
hamar minutu hamar egun edo
hamar mila urte batzen du harrizko hosto bakoitzak,
ordainkutxetako garaipen arku ondotik
etsipen irri zabalegiekin agurtzen dugu elkar
euri zirina besarkatzera egin dut
gurditxo erdi betea garraio
bustitasunari eskainiz bisaia paparra,
neure kautan galdezka ari naiz
zerbait hobearen katebegirako izangai ala
ergel nola bihurtu xuxen ikasteko
suertatu naizen aro honen petzero
arrainen begi larri haiek ogi xigorra birrinetan
barazkiak lerro-lerro ezpain estuko whiski botilak
utzi ditut desioen iturbururaino gibelatzen eta
etxeko isilaren oholesi ostera narran narama
erosi ez ditudanen nostalgia nabarrak