ERLOJU HILA
noizbehinka bere loalditik
iratzarri egiten da
sakelako erloju matxuratua
apaletik zotin mekanikoak
jaulkitzen ditu labur zurrean,
antza taupada etenokin
mende pasako bizialditik
udaberri gaizto honen misterioak
ebazten lagundu nahirik
aingeru eta jainkoek
paradisu fiskaletan
aterpe hartuta behar dute egun
errege ustelekin batera,
iragarkietatik eta
poema populistez landa
garesti baitago
jende baxuaren salbazioa
modularrak dira
inorrezen gogo-gorputzak:
urririk har dezake batak
bestearen tokia,
miserien belusa kenduta
aisa birziklatzen dira
eta giga gutxi okupatzen dute
memoria kolektiboan
gau askotan etzaten naiz
erloju zaharraren
apnea akorduan
eta biharamunean jaikitzen
berretsi nahirik
inori inporta al dion gure bihotzak
makina matxuratuak legez
beste egun batez ordua jotzen
segitzen duen edo ez
erlojugileek diotenez
datozen belaunaldiek
ordainduko dute krisia,
eta nik beste aro bati begira lo
ondare immaterialen
altxortegian
berrogeialdian daukat
disidentzia gaitasuna