AGUR MODUAK
kosmonautak oinez ibiltzen erdi ahaztuta
bueltatzen ziren espaziotik
itsas gainean pausatu ontzien barruan,
gauzen esanahia atxiki nahirik
guk hodei artean galtzen genuen begirasuna
etxeko atea giltzaz ixten hasteaz batera
ugaldu ziren herrian ostatuak, eta orain
abisatzeke itzali dute mundua
hitzartuko dira berriro diosal errituak,
izurriak ostu gorpuek gordeko dute
zorion zantzurik
perretxiko atomiko naifen antzera
zurkaizteko hurrena
haurren geletako enpapelatuan, esaterako
hiru pertsonari egin diet lagun hil aginean
eta bakarra erditu da alboan ninduela,
datu guztiok ordea kukuturik behar dute
demografoen estatistika tauletan
pipiak jandako malkoen ondoan
animalia erdi aspertua
erakusten dit ispiluak egunero samar:
hazpegi kaukasiar bat izu printzekin
uste dut orain artean gurtu ez dugun
zera basa bat ari dela hazten nonbait,
eta ez da ezer pertsonala baina
berriro inoiz hain humano izaten
ikasiko dugun edo ez
jakin nahi dudan ere ez dakit jada