Joan da negua
Joan da negua
2011, poesia
104 orrialde
978-84-92468-29-4
azala: Lander Garro
Mikel Ibarguren
1967, Zestoa
 
2002, poesia
1996, poesia
 

 

GALEREN HEGOALDEA

 

enarekin batera joan zitzaizun poz hura

itzuliko ote den ez dakizu

ez duzu gehiago kalezuloan luzetsita egon nahi

inoren ohean lorik hartu ezinda maitatzeke egon nahi

 

hegoaldera nahi duzu iparra galdu gabe

aldi hutsalen agortea zeharkatuz

lagun ahantzien arrastoak berrituz

egun honen atzetik beste bat etorriko dela jakitun

gure arteko erretena neurtuko duena

beste gutasun bat sortuko duena

jende bat munduz osatua

mundu bat jendez osatua

 

iparra galdu gabe hegoaldera nahi duzu

aldizka arrats beheran egin

egunero berritzen den bizinahiaz gailendurik

egiten duzu betiko norantzan

eroriaren logikatik zutik jartzeko logikara

garaion testigantza oharretan iltzatuz

 

galdutako guztia galdua ei dago

bihotzondoetan bildutako galerekin zoaz

baina betiko bidean zara

azkarrago edo motelago baina bidean

edonora gabe seguruenik

inora iristeko asmorik gabe

iparra galdu gabe baina bidean

zurea den bidean hegoaldera