Aurkibidea
1
2
3
4
EGUNEN BATEAN
egunen batean
bertakoak izango ez garenean
aurrera egingo dugu harat-honat
noraino hel gintezkeen jakin gabe
ahalegin hutsalduen bermeak aurkitu ezinik
itxaron ezinezko abiada honetan murgildurik goaz
bertakoa ez balitz bezala so egiten diogu bizilagunari
amaren galtzorratzetan gara josten oraindik
edo haurrak esnatuko diren beldur lokartzen
goizeko ordu bietan
laneko arropak erantzi ostean
besterriratzen zara nigandik
ele astunen eraman zaila barneraturik
atzenduak ditugun lorbideak berreskura genitzake
begirada zulatuetan babesteko
soldaduak lubakietan bezala
inolako pasahitzen beharrik gabe irekiko ditugu ateak
bata bestearen atzetik joango gara orpoz orpo
kale galduen iragana gogoratuz
eta bertakoak ez bagina bezala egingo digute adio
Zubimusu auzunetik Kale Okerrera egitean
Kale Erdira sartuko garelarik
gure ahoez haraindi egingo dute kale-izenek
gure zainek Bidasoatik Urumeara egingo dute
handik Oriara eta azkenik Urolara
jendez hustu zaizkigun barruak
habitatu beharko ditugu ezinbestez
ez gara etsituko urruntasunaren alokairu hauetara
ez gara ohituko esamesen zurrumurruetara
ez dugu hezur ahulagoetan ezarriko gorrotoa
ez dugu gezur gordinetan ezkutatuko oroimina
zure oroitzapenean gure leku-izenak
bizirik dauden artean
bertakoak izango ez garen
egunen batean