Joan da negua
Joan da negua
2011, poesia
104 orrialde
978-84-92468-29-4
azala: Lander Garro
Mikel Ibarguren
1967, Zestoa
 
2002, poesia
1996, poesia
 

 

OINORDEKOTZA

 

orain gogoratzen naizela ezagun egin zait

zure ahape urduriaren karabatua

neguaren arkitektura zurizko etorbidea

gaurdinaren ohiko bestordua

 

egunen batean guztia amaituko delarik

oldozmenak sare-sare egingo zaizkigu ukondoetan

eta urratsak ahituko ordu hilen sakonetan

plazebo efektua duen eguzkia ezkutatu eta gero

 

ez naiz hitz joko antzuetan gehiago lerratuko

nire barnean metatu diren min-txatalak ditut erauziko

gabezia honetatik deserrotuko

 

denboraz gaindiko itxaropena elikatuko dut

garaion iragana desegingo orainaldia bizitzeko

etor nadin karrikaz karrika goizeko izarrari segika

behetik gorako estratan barna

 

entzuten ez zaitudan bitartean

ausentziak niregana ditzaket

baina orain ezin zaitut begiratu

besorik gabeko jainkosa bazina bezala

hotz dago zure marmolezko bizkarra

nigan sentitu uste zaitudanean

zugan ointustu naizelarik

 

ez diren gomuten oinordeko zuzenak gara